Usurbil ondotik ere igaroko da 100 egun barru hasiko den Frantziako Tourra

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 22a, 09:49

Euskal Herritik abiatuko den 110. Frantziako Tourreko bi etapa udalerri honen mugetatik hurbil igaroko dira.

Atzera kontaketa ofiziala hasi dute gaur Frantziako Tourra hasteko ehun egun falta baitira. Gogoan izan, 110. edizioa Euskal Herritik abiatuko da. Lehen hiru etapak Hego Euskal Herritik igaroko dira, haietako bi, Usurbil ondotik. 

Uztailaren 1eko lehen etaparen 185 kilometroko ibilbideak Bizkaiko hiriburua, Bilbo izango du abiapuntua eta helmuga. Uztailaren 2ko bigarren etapak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu. 210 kilometroko ibilbideak Gipuzkoa hegoaldetik iparraldera zeharkatuko du, tartean Buruntzaldeko udalerri gehienak, Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga inguruak. 

Eta biharamuneko, hau da uztailaren 3ko hirugarren etapa Amorebietan hasi eta Baionan amaituko da. Kasu honetan, Gipuzkoa mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dute txirrindulariek, tartean Usurbil ondotik igaroko dira. Oriotik Donostiara joango dira Mendizorrotzetik Igeldo zeharkatu ostean.

Itzulia ate joka
Frantziako Tourraren aurretik, Euskal Herriko Itzulia apirilaren 3tik 8ra, eta hau bai, udalerri honetatik igaroko da. Apirilaren 5eko hirugarren etapak Orereta eta Amasa-Villabona izango ditu abiapuntu eta helmuga, hurrenez hurren. 154 kilometroko ibilbidearen baitan, 17,5. kilometrora heltzean iritsiko dira Usurbila. Errekaldetik barrena, N-634 errepidetik. Txikierditik hasita, Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dituzte bide beretik Oriora iritsi aurretik. Hilaren 5ean 14:04 aldera ikusi ahalko dira txirrindulariak Usurbilen, 14:08 aldera Aginagan. Ohi den moduan, tarte horretan errepidea itxita egongo da. Informazio gehiagorako: itzulia.eus