Hobekuntza lan gehiago kirol instalakuntzetan

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 22a, 10:15

Oiardo kiroldegiko gimnasioan eta igerileku txikian zenbait hobekuntza lan egingo dituela iragarri du Usurbilgo Udalak.

Kirol instalakuntzetan hobekuntza lan gehiago egingo dituela berri eman du Usurbilgo Udalak. Zehaztu duenez, Oiardo kiroldegiko gimnasioan eta igerileku txikian. 

Igerileku txikia ur kontsumoa murrizteko filtro sistema berria ezarriko dute. 10.700 eurokoa izango da inbertsio hau. "Legez, egunero, ur kopuru jakin bat bota behar izaten dute igerilekuek, higiene arrazoiengatik, eta, ondorioz, ur kontsumo handia eragiten dute. Filtro sistema berriarekin, ultravioleta izpien bidez garbituko da ura, eta uraren kalitatea hobetzeaz gain, ur kontsumoa murrizten lagunduko du", azaldu du Usurbilgo Udalak.

Aipatu moduan, bestalde, gimnasiorako material berria erosiko dute: pisu librerako materiala (mankuernak, diskoak eta barrak), pisu librean aritzeko koltxoneta berria, entrenamendu funtzionala egiteko materiala (power bag desberdinak) eta korrika egiteko motorrik gabeko zinta. Horrekin batera, "pisu libreko gunea handitu egingo da, eta horrek espazioan zenbait egokitzapen egitea eragingo du, adibidez, makina batzuk lekuz mugitzea. Larrialdiko irteeraren ondoko gunea ere egokitu egingo dute, luzaketak eta beste motatako ariketak egiteko". 

8.990 euroko inbertsioa bideratuko dute material erosketa horretara. Erabakia, erabiltzaileei urtarrila amaieran egindako galdeketatik dator. Usurbilgo Udalak aurrekontuetako 8.000 euro kiroletako material erosketara bideratu asmo zuen. Diru kopuru hau nola xahutu nahiko luketen galdetu zieten erabiltzaileei. "Guztira, 120 erabiltzailek bete zuten, eta horien erantzunak eta begiraleen gomendioak
aintzat hartuta erosiko dute material berria".