"Ekofeminismotik zaintza ekosistema berriak eraikitzen" hitzaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 23a, 08:00

Zaintza eredu propioa eraikitzeko bidean, hitzordu gehiago iragarri dituzte alor honetan lankidetzan diharduten udal, eragile eta herritarrek egunotarako. Hasteko, solasaldia gaurko.

Zaintza ekosistema berrirantz urrats gehiago emango dira asteotan. Lehenbizi, azaroaz geroztik abian den hitzaldi zikloaren baitako hileroko saioa iragarri dute gaurko; "Ekofeminismotik zaintza ekosistema berriak eraikitzen". Martxoaren 29an bestalde, azken bi urteotan landutako eredu berria ezartzeko urratsen aurkezpena iragarri dute. “Eredu berri horretara jauzia egiteko garaia iritsi da, eta horretarako hartu beharreko neurriak bide orri batean jaso dituzte”. Hauexek aurkeztuko dituzte hilabete amaierako saio irekian. Bide orria bera aurten martxan jarri asmo dute. 

Etxeko arreta zerbitzuko langileentzako formakuntza
Azken urte honetan herri honek diseinatu duen zaintza eredu berria ezartzeko urratsen artean, apiriletik uztailera bi orduko doako 13 formakuntza saio eskainiko ditu baita Usurbilgo Udalak Nazaret lanbide heziketarekin lankidetzan etxeko arreta zerbitzuan ari diren langileentzat. Interesdunek Gizarte Zerbitzuetan eman dezakete izena. “Saioak egokitzen diren orduak euren lanorduetan badira, beste profesional batek ordezkatzeko aukera emango die Udalak”.

Saio hauek “profesionalen ezagutza, trebetasuna eta gaitasuna handitzea” izango dute helburu. Landuko dituzten edukien artean, “etxean eta komunitatean pertsona ardatz duen arretaren ezarpenerako funtsezko elementuak identifikatu eta aplikatzen erakutsiko diete”. Horrez gain, “pertsonen eskubideak identifikatu eta baloratzen ikasiko dute, mendekotasun egoeretan dauden pertsonei eskubide horiek bermatu ahal izateko. Horrekin batera, mendekotasun egoeran dagoen pertsona ezagutzeko estrategiak bereganatuko dituzte, baita egunerokoan euren autodeterminazioa sustatzeko tresnak ere. Aldi berean, zaintza behar dutenekin zein bere ingurukoekin komunikazio eraginkor eta afektiboa garatzen ikasiko dute. Azkenik, zaintzaileen zaintzari ere erreparatuko diote: nork bere burua zaintzeak mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko duen garrantziari erreparatuz”.


Zaintza eredu berrirantz
Martxoak 23, osteguna
18:00 Zaintzari lotutako hitzaldi zikloa: "Ekofeminismotik zaintza ekosistema berriak eraikitzen".
Hizlariak: Mirene Begiristain, Marta Barba.

Martxoak 29, asteazkena
18:00
Zaintza eredu berria ezartzeko urratsak aurkezteko saio irekia Artzabalen.

Apiriletik uztailera
Formakuntza saioak etxeko arreta zerbitzuan ari diren langileentzat. Interesdunek Gizarte Zerbitzuetan eman dezakete izena.

Antolatzaileak: herritar eta eragile talde bat eta Usurbilgo Udala.