PUNTO DE VISTA JAIALDIAN

Joxan Artzeren inguruko film labur bat aurkeztuko dute gaur Iruñean

Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 07:38

Peru Galbete kantari eta errealizadore usurbildarrak Joxean Artzeren inguruko film labur bat osatu du. Pablo Garcia Canda zine aditu madrildarraren esanetan, "Bide bazterrean hi eta ni kantari laburmetraia poema bat da, soinuz eta iraganeko zein oraingo irudiz egina". Gaur goizeko 10:00etan eskainiko dute Iruñeko Baluarten, Punto de Vista jaialdiaren sail ofizialean.

Galbetek Artzeren poemetatik abiatuta sortu du Bide bazterrean hi eta ni kantari film laburra. Iruñeko Punto de Vista jaialdian egingo dute ikusentzunezkoaren estreinaldia. Gaur goizean, 10:00etatik aurrera, Baluarte auditorioan. Antolatzaileen web orrialdean topatu dugu filmari buruzko ondoko analisia.

 

"Badakigu zerbait garrantzitsua esaten ari zaigula"

Joxean Artzeren poemak entzun eta irakurtzen ditugu film honetan. Film hau poema ere bada. Poema laburra, poemaz, soinuz, iraganeko irudiz eta oraingo irudiz egina. Muntaia deritzon zinearen magia horrekin egindako poema, errealitatean elkartu ezin dena elkartzeko aukera ematen duena. Film honek terraza bereko bi denbora elkartzen ditu kliska batean, itsasoaren soinua eta metroko tunel baten irudia gainjartzen ditu. Hainbat hamarkadako tartean bizi izan diren bi txori elkartzen ditu, bakarrak diren bi txori eta, aldi berean, txori bera. Agian horixe da muntaiaren magia: «aldi berekoaren» magia hori. Ametsetan gertatzen den bezala, denbora eta espazioa nahasi egiten baitira. Agian, irudietan lotan ikusten ditugun haur horiek amestutako ametsa da film hau, bat-batean helduak baina oraindik lotan aurkitzen direnak. Amets horietako bat, esnatzean ez dakiguna egiaz gogoratzen dugun ala berrasmatu egin dugun kontatzen saiatzean. Zentzuz beterikoak eta aldi berean iheskorrak diren amets horietako bat. Zalantzakoa eta aldakorra bada ere, gogoan gorde nahi dugun amets horietako bat; izan ere, badakigu zerbait esaten ari zaigula, zerbait garrantzitsua.

Pablo García Canga.