Adin tarte guztiei beti, baina nabarmentzekoa aurtengo 19. Soinurbil zikloa nola ari den musikari helduak plazaratzen. Aurreko astean, Aginagako Eliza Zaharrean Zumarteko kideek eskainitako kontzertu txalotuan ikusi genuen moduan, asteazken arratsalde honetan Sutegin ere antzeko irudia errepikatu da. Oraingo honetan, herriko musikariek, Astigarragakoekin kontzertu bateratua eskaini zuten. Batzuen zein besteen musika instrumentuak jotzeko nahiz abesteko trebezia agerian utzi zuten. Bakalariak nahiz taldeak igo ziren kultur-etxeko oholtzara. Gertukoak ditugun Zea Mays, Doctor Deseo, Izaro, edota baita urrunagoko Tom Petty, Lady Gaga edota Cindy Lauperren abesti ezagunak eskaini zizkiguten. Haur eta gazteek parte hartu zuten kontzertuan, pianoa, trikiti eta panderoa edota kitarra eskutan. Aipatu moduan, ordea, azpimarratzekoa helduen presentzia.
Trukaketa batean parte hartu zuten denek. Atzokoan, Astigarragako Musika Eskolakoak bisitan etorri ziren Sutegira. Datorren asteartean, martxoaren 28an, Usurbilgoak joango dira Beterri Buruntzako udalerri horretara. Asteazken honetan bezala, emanaldi bateratua eskainiko dute 18:30etan Norberto Almandoz Astigarragako Musika Eskolan.
Musika eskola hau 1994. urtean jarri zuten martxan, "herriko jende-talde baten ekimenez eta Udalaren parte-hartze eta laguntzarekin". 48 ikasle eta lau irakasle zituen hastapenetan. Gaur egun, "350 bat ikasle, 13 irakasle ditu eta musika-tresna eta ikasgai-aukera handia izatera heldu da".