Petri Romerok badu esperientzia udalgintza mailan. “Azken 4 urteotan, berdintasun-arloan erantzukizunak izan ditu, eta batzarkide sozialista ere izan da, gizarte-zerbitzuekin, ingurumenarekin eta berdintasunarekin zerikusia duten arloetan. Oraingoan, beste urrats bat gehiago ematea erabaki du, eta alkatetzarako hautagai gisa aurkeztuko du bere burua, maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan”.
Aniztasunaren, bizikidetzaren eta egonkortasunaren berme
Usurbilentzat proiektu bat duela dio, eta helburua herritarren bizi-kalitatea hobetzea dela. “Proposamen zehatzak eta egingarriak ditugu etorkizuneko erronkei eraginkortasunez aurre egiteko”. Usurbildarrek “herri gisa gehiago merezi” dutela uste du eta, zentzu horretan, “PSE-EE aniztasunaren, bizikidetzaren eta egonkortasunaren berme” dela dio.
PSE-EEren ordezkaritza sendotzeko ahalegina
Patxi Suarezen ondorengo izatea erronka izango dela badaki, “kontuan hartuta Patxi Suarezek arrasto handia utzi duela Usurbilen eginiko lanagatik, haren profesionaltasunagatik, zintzotasunagatik eta herritar guztiekin hurbilekoa izateagatik”. Azkenik, Petri Romerok hitzeman du sozialistek Udalean duten ordezkaritza sendotzeko lan egingo duela. Horretarako, usurbildarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromisoa eta dedikazioa eskaini ditu.