Zumarte Musika Eskolak antolaturiko ohi baino luzeagoa izan den 19. Soinurbil azken txanpan da honez gero. Azken hitzorduak izango ditugu egunotan; Habia taldearen “Hiru hari, hiru ahots” atzoko emanaldia eta gero, Caparrosoko musika bandaren txanda iritsiko da igandean.
Azken orduotan, Salbatore Elizan egin duten organo kontzertua entzuteko eta ikusteko aukera izan dute hainbat herrikideek eta zaletuek; Pol Álvarez i Vicianaren emanaldia hain zuzen. 1999. urtean Terrassan jaiotako gazteak zazpi urterekin ekin zien organo ikasketei, bertako Musika Kontserbatorioan. "Ohorezko saria eman zioten musikako gradu profesionala amaitutakoan".
14 urte zituenetik kontzertista bakarlari gisa aritu da bere sorterrian, Euskal Herrian eta Europako hainbat txokotan. "2017az geroztik, Kirchenmusiker (organo jotzaile titularra eta koru- zuzendaria) da Alt Heumaden elizan, Stuttgarten". Ostegun honetan Salbatore Elizan izan da emanaldia eskaintzen. Hainbat artista ezagunen lanak entzungai jarri ditu bertako organo historikoan: César Franck, Marcel Dupré, Jean Alain, Jürgen Essl edota Johann Sebastian Bachen sorkuntza plazaratu du hitzordu honetan.
19. Soinurbil
Martxoak 26, igandea
12:15 Caparrosoko musika banda kalean.
13:00 Kontzertua frontoian.
Zehaztasunak: "Caparrosoko Musika Banda Kultur Elkartea 2013ko urrian sortu zen, 20 bat musikarirekin. Hainbat guraso elkartu ziren elkarte hori osatzeko, beren seme-alaben Oinarrizko Gradua Udal Musika Eskolan amaitzen zutelako eta ezin zutelako jotzen jarraitu. Gaur egun, beraien hamargarren urteurrenaren urtean, 30 bat musikari dira, pixkanaka, osagai kopurua handitzea lortzen ari dira. Beraien historia laburrean hainbat lekuetan izan dira gonbidatuak. Esate baterako, La Pamplonesa Musika Bandaren mendeurrenera, San Fermin jaietara eta Arguedas herrira".
Martxoak 28, asteartea
18:30 Zumarteko ikaslen emanaldia Astigarragako Musika Eskolan.
Zehaztasunak: "Astigarragako Musika Eskolak gonbidatuta, Zumarte Musika Eskolako ikasleak Astigarragara joango dira musika-trukea egitera. Zumarte Musika Eskolako ikasleek urtean zehar eskolako taldeetan lantzen dutena aurkeztuko dute Astigarragan".
Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.
Laguntzaileak: Salbatore Parrokia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa.