Kantuzaleen plazaratzea larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 24a, 08:27

Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen kantu-jira larunbat eguerdian, herrian barrena.

Hemen da martxoko azken larunbata; eta egun horrekin, kantuzaleen bilkura. Euskal abestien errepertorioari errepaso ederra emateko aitzakia larunbat eguerdi honetan, martxoaren 25ean. Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen kantu-jira 12:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuta. Jaione Eskuderok gidatutako hitzorduak Kaxkoa zeharkatuko du. Parte hartzaileentzako ohiko oharra; ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea.

Hortik aurrera, gogoan izan, astelehenero biltzen da Usurbilgo Euskal Kantu Taldea ikastarorako, arratsaldeko 18:00etan hasita ordubetez, Udarregi ikastolaren LHko eraikineko musika gelan. Horrez gain, tarteka hitzordu bereziak ere antolatzen ditu bilgune honek. Ildo horretan, urte hasiera bizia izan dute; urtarrila amaieran, herriko kantu zaharrak berreskuratzen hasi eta kantu-jiran tartea eskaintzen hasi ziren; "Sagardoa" kantarekin hasi zuten dinamika hau. Aurrerago, halako abesti gehiago berreskuratu asmo dute.

Otsailaren 4an Santa Ageda bezperako eske berezi eta alaia antolatu zuten herrian barrena. Martxoaren 8ari lotuta, bestalde, "Hirusta Trio" taldekoen emanaldia programatu zuten Sutegin. Udaberri honetarako ere hitzordu berezi gehiago iragartzekoak dira. Momentuz, kantu-jira larunbat honetan.