Aurreko uda hasieran hasi ziren zatika ixten hasi ziren Txokoalde Santuenearekin lotzen duen Oria ondoko bidea; ur zikinen saneamenduaren kolektorea eraikitzeko lanak tarteko. "Arriskuak saihesteko" hainbat uneetan oinezko nahiz ibilgailuentzat itxita egon zen tarte hau, bertako bizilagunentzat edota zonaldean baratzak zituztenentzat izan ezik. Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, datorren "astelehenean, martxoaren 27an, Txokoalde eta Santuene artean saneamenduko hodi berriaren obrak kaltetu dituen eremuak asfaltatuko dira". Beti ere eguraldiak laguntzen badu. Hala bada, "hiru egun beharko dituzte, eta tarte horretan Txokoalde eta Santuene arteko bidea itxita izango da", ohartarazi du Udalak.
Itxita gauez N-634 errepidea, Atxegalde eta Orio artean
Duela hamabost egun bezala, berriz ere errepide hau ixten ari dira aste honetan gau partean, 22:00etan hasi eta goizaldeko 6:00ak arte, Atxegaldetik Orioko Txankako biribilguneraino. Gaur ere bai, beraz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari jakinarazi dionez, "errepide ertzeko zuhaitzak inausi eta moztuko ditu", eta modu horretan, aurreko asteetako lanei segida emango die. Gogoan izan, Usurbilgo Udalak moztera doazen zuhaitzen babeserako deia egina du sare sozialen bidez. "Udalak Aldundiari eskatu dio, mozketa lanak beharrezkoak baldin badira ere, zuhaitz bakoitzaren ezaugarriak eta egoera kontuan hartuta egiteko. Izan ere, tarte horretan, interes ekologiko handiko ibai ertzeko baso bat garatzen da, eta batzuk Natura 2000 sarearen barruan daude".
Troia eta Txikierdi arteko lanak maiatza amaierara arte
N-634 errepidetik irten gabe, otsailaren 28an amaitzekoak zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak Troia eta Txikierdi arteko lanak N-634 errepidean. Azkenean ordea, ekainera arte luzatuko direla ohartarazi du. "Martxoaren 3an, amaitutzat eman ziren N-634 errepidearen oin-horma sendotzeko obrak, 1,715 eta 1,792 KPen artean, Usurbilgo udal-mugartean. Hala ere, obra horiek egin bitartean, horma sendotuaren alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi zen, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hormaren sendotzea Donostiarantz luzatzea". 40 metro luze eta 3 metro garai den horma sendotzeko, hormigoizko zapata baten bidez azpiak berrituko dira eta proiektatutako hormigoizko geruza bikoitza jarriko da.
Lanak amaitu artean, ondorioz, "Donostiarako noranzkoko erreia maiatzaren 31era arte itxiko da". Zirkulazioa noranzko bakarrekoa izango da eta orain arte bezala, semaforo bidez antolatuko da trafikoa, txandakako sisteman. "Sor litezkeen trafiko handiko aldietan, seinaleztatzeko langileen laguntza egongo da", Aldundiak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez.