[ZUZENEAN] 10 urte bete dituen Tokikom-en jardunaldi eguna

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 24a, 08:00

Nazioarteko adituak batu dituen jardunaldi eguna antolatu du NOAUA! kide izan eta hamar urte bete dituen Tokikom taldeak Getxon. Zuzenean ikus dezakezue jardunaldi eguna, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta.

Hamar urte bete ditu NOAUA! eta beste 75 toki komunikabide batzen dituen Tokikom Taldeak. Urtemuga honen bueltan, "Komunikabideak etorkizuna ehuntzen" aldarripean gertuko kazetaritzari buruzko jardunaldi eguna antolatu du ostiral honetan, martxoaren 24an Getxon. "10. urteurrena okasio berezia da zalantzarik gabe, eta hori azpimarratzeko, TOKIKOMek komunikazioaren alorreko punta-puntako adituak gonbidatu ditu Getxora, hala bertakoak nola nazioartekoak".

Tokiko kazetaritza eta demokrazia soziala, aisialdia edota digitalizazioa hartuko dute ahotan nazioarteko aditu entzutetsuekin. "Aldarrikapenerako tartea ere izango da", antolatzaileen esanetan. "Herrialde Katalanetako toki komunikabideen elkarteekin batera, toki komunikabideen elkarteen manifestu komuna sinatuko dugu Getxon, toki komunikabideen garrantzia aldarrikatzeko".

Hamargarren urtemugaren harira, gogoan izan, iazko azaroan ospatu zen Tokikom Sariak ekitaldi berezia. Ordukoa da albiste honi atxikitako argazkia. Erakundeetako ordezkariek elkarlanari eman zioten balioa eta hamar urteotan egindako bidea eskertu zitzaien tokiko komunikabideei.