Hobekuntza lan gehiago kirol alorreko instalakuntzetan. Egunotan, Oiardo Kiroldegiko igerileku txikian eta gimnasioan iragarritakoez gain, frontoian eta Haranen ere konponketak egingo dituztela berri eman du Usurbilgo Udalak. Haranen jada abiaraziak dituzte lanok. "Barandak eta aldagelak pintatuko dituzte, eta kanpoko porteriak gordetzeko itxiturak jarriko dituzte. Haraneko belarra udan aldatu nahi du
udalak, eta horren aurretik zenbait konponketa lan egiteko aprobetxatu du. Belarra aldatzeko esleipena epe motzean jarri nahi dute martxan".
Halere, lan nabarmenenak frontoian egingo dituzte, datorren astelehenetik, martxoaren 27tik aurrera. Pilotalekua itxi egingo dituzte hiru astez lanok egin ahal izateko. "Lehenengo, frontoiko lurzorua konponduko dute: zulo txiki ugari dauzka, eta dena berdintzeko lanak egingo dituzte, bi egunetan. Zorua lehortzen utziko dute egun batez, eta, ondoren paretekin hasiko dira lanean. Batetik, goiko sarea kenduko dute, eta berria jarri, eta bitarte horretan kristalak garbitzeko aprobetxatuko dute. Horiek egindakoan, berriz, paretak margotuko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, bi aste beharko dituzte horretarako. Lan horiek amaituta, frontoia apirilaren 17an irekiko dute berriz. Lan horien guztien kostua 15.000 euro ingurukoa izango da".
Oiardo Kiroldegiko lanak
fKirol instalakuntzetan hobekuntza lan gehiago egingo dituela berri eman du Usurbilgo Udalak. Zehaztu duenez, Oiardo kiroldegiko gimnasioan eta igerileku txikian.
Igerileku txikia ur kontsumoa murrizteko filtro sistema berria ezarriko dute. 10.700 eurokoa izango da inbertsio hau. "Legez, egunero, ur kopuru jakin bat bota behar izaten dute igerilekuek, higiene arrazoiengatik, eta, ondorioz, ur kontsumo handia eragiten dute. Filtro sistema berriarekin, ultravioleta izpien bidez garbituko da ura, eta uraren kalitatea hobetzeaz gain, ur kontsumoa murrizten lagunduko du", azaldu du Usurbilgo Udalak.
Aipatu moduan, bestalde, gimnasiorako material berria erosiko dute: pisu librerako materiala (mankuernak, diskoak eta barrak), pisu librean aritzeko koltxoneta berria, entrenamendu funtzionala egiteko materiala (power bag desberdinak) eta korrika egiteko motorrik gabeko zinta. Horrekin batera, "pisu libreko gunea handitu egingo da, eta horrek espazioan zenbait egokitzapen egitea eragingo du, adibidez, makina batzuk lekuz mugitzea. Larrialdiko irteeraren ondoko gunea ere egokitu egingo dute, luzaketak eta beste motatako ariketak egiteko".
8.990 euroko inbertsioa bideratuko dute material erosketa horretara. Erabakia, erabiltzaileei urtarrila amaieran egindako galdeketatik dator. Usurbilgo Udalak aurrekontuetako 8.000 euro kiroletako material erosketara bideratu asmo zuen. Diru kopuru hau nola xahutu nahiko luketen galdetu zieten erabiltzaileei. "Guztira, 120 erabiltzailek bete zuten, eta horien erantzunak eta begiraleen gomendioak
aintzat hartuta erosiko dute material berria".