Usurbil, lau izarreko Zero Zabor Udalerria

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 24a, 11:11

Udalerri honek lau izar eskuratu ditu Zero Zabor Udalerrien ziurtagirian. Ziurtagiri honi lotutako jardunaldia iragarri dute apirilaren 3rako.

Zero Zabor Udalerriak Ziurtatzeko Programara atxikitzea erabaki zuten otsailaren 23ko osoko bilkuran. Erabaki honekin, "Zero Zabor Udalerriak Ziurtapen-programaren barruan Usurbilgo Udalari eska dakizkiokeen betekizunak eta zereginak betetzeko konpromezua" hartzen du, "horretarako, beharrezkoa balitz, dagozkion kontratazioak bideratuz".

Programa hau "abian da Europa mailan eta bertan 24 herrialdeetako 30 erakundek parte hartzen dute, guztiek ere Zero Zabor eredua bultzatu asmoz". Horrez gain, Europar Batasuneko 400 udalerrirekin lan egiten duen programa hau "tutoretza- eta aitorpen-sistema batean oinarritzen da gaur egun".

Datuok kontuan izanda, Usurbil programa horretako ziurtagirian lau izar eskuratu dituela berri eman du Udalak. "Orain arte izar kopuru handiena lortu duen herria da Usurbil, Italiano Capannorirekin batera, hau da, Zero Zabor mugimendua Europan sortu zen udalerriaren pare". Udalak azaldu duenez, "Zero Zabor Udalerrien Ziurtagiria Europako ziurtapen-estandar bat da, eta hirugarrenek ebaluatzen dute. Zero Waste Europe erakundeak sortu zuen, eta MiZA Mission Zero Academy erakundeak jarri zuen martxan. Zero hondakineranzko trantsizioa bizkortzea eta ekonomia zirkularra Europako herri eta hirietan ezartzea du helburu".

"Harrotzekoa da Europa mailako ziurtagiri bat jasotzea orain arteko puntuazio altuenarekin"
Rezero eta Amigos de la Tierra erakundeek egin dute auditoretza Usurbilen. "Bete beharreko eta baloragarri ziren irizpideen baitan, Usurbilgo hondakinen kudeaketa aztertu da, eta datozen hiru urtetarako ziurtagiria jaso da".

Lau izar eskuratuta, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren esanetan, “bilketa sistemaz harago, ziurtagiri honek balioa ematen dio Usurbilen egiten dugun hondakinen kudeaketaren emaitzei, eta harrotzekoa da Europa mailako ziurtagiri bat jasotzea orain arteko puntuazio altuenarekin”. Rezeroren zuzendari Rosa Garciak Usurbilen “lan bikaina” nabarmendu du: “Hondakinen prebentzioan sektore guztiak modu transbertsalean inplikatzea lortu duen udalerri baten adibide bikaina da Usurbilek egindako ibilbidea. Udalerri honetan, bertako biztanleek, urteko, 25 kilo errefus sortzen dute, eta Espainiako batez bestekoa 500 kilokoa da urteko. Nola lortzen da hori? Bada auzo- eta auto-konpostajea orokortuz, sortzez besteko ordainketa ezarriz komertzio eta industria poligonoetan, erabilera bakarreko ontzien erabilera murriztuz, eta abar. Oso pozik gaude zero zabor neurriek udalerrietako hondakinen kudeaketan halako aldaketa eragin dutela egiaztatu ahal izan dugulako”.

Ziurtagiri honi lotuta jardunaldi eguna antolatu dute Usurbilgo Udalak eta Hobeki elkarteak, apirilaren 3rako Potxoenean. Online zuzenean eskainiko duten hitzordurako izena aurrez eman beharko da.


Jardunaldia: Zero Zabor ziurtagiria
Apirilak 3, astelehena
Zehaztasunak: Zero Zabor ziurtagiriaren inguruko jardunaldia antolatu dute Usurbilgo Udalak eta Hobeki elkarteak (hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkarteak). "Jardunaldiak bi helburu ditu. Batetik, ziurtagiriaren inguruko azalpenak ematea, eta, bestetik, jakinaraztea ziurtagiri hori ez dela soilik udalerriei bideratua, baita komertzioei eta enpresei ere".

Tokia:
Potxoenea (streaming bidez ere jarraitu ahalko da).

Egitaraua:
10:00
Sarrera. Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo alkatea) eta Joan Marc Simon (Zero Waste Europeko zuzendaria).
10:20 Udal mailako zero zabor ziurtagiria Europan, Espainian eta Europan. Daisee Aguilera (Espainiako zero zabor ziurtagirien koordinatzailea) eta Ibon Goikoetxea (Usurbilgo Udaleko ingurumen teknikaria).
11:00 Atsedenaldia.
11:15 Komertzio eta enpresentzako zero zabor ziurtagiria. Kaisa Karjalainen (Mission Zero Academyko zuzendaria).
12:00 Amaiera.

Oharra: jardunaldia euskaraz eta gaztelaniaz izango da.
Izen-ematea: jardunaldirako izen-ematea
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Hobeki elkartea.