Eider Mendozak Eusko Alderdi Jeltzalearen ibilbidea eta historia aldarrikatu ditu gaur Urnietan eskaini duen hitzaldian, “sinesgarritasuna eta bermea” eskaintzen diotelako herritarrei, Gipuzkoak “sozialki eta ekonomikoki aurrera egin dezan".
Bizi ditugun garai ilun hauetan, ilusioa defendatu du desesperantzaren aurrean. “Ezkortasunean eta kritika suntsitzaile hutsean geratzen direnen aurrean, eraikitzeko borondatea eta gaitasuna aldarrikatzen ditut”, azpimarratu du hautagai jeltzaleak. Gaur egun dauden zailtasunen aurrean, bi aukera daudela ohartarazi du: “Pankartaren atzean gelditu, bazterrak nahastera mugatuz; edo arazoei aurre egin, eta konponbideak bilatu. Eusko Alderdi Jeltzalearen hautua bigarrengoa da, hala izan da gure ibilbide politiko guztian zehar”.
Etorkizunera begira, Gipuzkoa aurrerabidean jartzeko lanean segitzeko deia egin du Eider Mendozak, "hurrengo belaunaldien ongizatea baitago jokoan. Horretarako, gure ikurrei heldu behar diegu, eta biharko egunera begiratu: enpresak bultzatu, ekonomia garatu, herritarrak babestu eta giza eskubide guztiak defendatu”, azaldu du. Honekin batera, aurrekoek egindako lanaz akordatu da: “gauden lekuraino ekarri gaituzte. Orain, guk hartuko dugu lekukoa. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Buruntzaldea eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko ardura. Hori da hartzen dugun konpromisoa”, esan du, gaineratuz “ez dizuegula hutsik egingo”.
Lan bilera Buruntzaldeko alkategaiekin
Eguerdiko ekitaldiaren aurretik, Eider Mendozak lan bilera egin du eskualdeko hautagaiekin. Imanol Goenaga Egibar, Andoaingo alkategaia; Jon Antxordoki Rekondo, Lasarte-Oriako alkategaia; Maria Otaegi Velez, Astigarragako alkategaia; Andoni Amonarraiz Gomez, Hernaniko alkategaia; Xabi Otxoa Muñoz, Usurbilgo alkategaia eta Jorge Segurado Iriondo, Urnietako alkatea eta alkategaiarekin batu da.
Gaurko ekitaldia Maribel Vaquero Montero senatari urnietarrak gidatu du eta Xabier Ezeizabarrena Donostialdeko hauteskunde barrutiko zerrendaburuak ere hitza hartu du. Xabier Otxoaz gain, Usurbilgo alderdikide batzuk ere izan dira Urnietako plazan. Hantxe ikusi ditugu, beste batzuen artean, Andoni Atxega, Josune Urkola, Carlos Perez eta Lourdes Jauregiberri. Ekitaldiak eman duena ondoko bideoan laburbildu dugu.