"Sortzeko egunerokotasun horretan behar dugu laguntza"

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 26a, 13:05

Zarauzko 2022ko Lizardi Saria, Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren "Mari Gonagorri eta hamazazpi berri" ipuina aurkeztu du egileak egunotan, sortze lan honetako ilustratzaile Enrique Morente eta Usurbilgo udal ordezkariekin batera.

Hain zuzen, Udalak diruz lagundu du liburu hau, sortze lanetarako duen lerroaren baitan. "Udalarentzat pozgarria da gisa honetako proiektuen bidelagun izatea", adierazi zuen aste honetan egindako aurkezpen ekitaldian, udal gobernu taldeko ordezkari Beñat Larrañagak. Ildo beretik gaineratu zuenez, "zalantzarik ez bagenuen ere, ekoizpenaren maila altuaren erakusgarri. Zorionak! Guretzako ohorea da Yolandaren sormen oparoaren bidelagun izatea, izan ere euskal kultura aberasten duten gisa honetako opariak ezinbestekoak dira".

Jasotako dirulaguntza eskertu zuen lerrootan aipagai dugun liburuaren egileak. "Eskertu dirulaguntza hori. Berez, beste proiektu baterako eskatu nuen. Hura ezin izan zen egin eta gero eskatu nuen aldatzeko, beste proiektu honengatik".

Proiektuka lan egiten dutela azaldu zuen Arrietak, eta urtean zehar egun zehatzetan baino egunerokoan behar dutela sorkuntza lanotarako laguntza. "Liburuaren Eguna edo Euskararen Eguna delako edo kultur-etxe bat inauguratu behar delako, horiek guztiak ondo daude baina guri sortzea gustatzen zaigu eta sortzeko egunerokotasun horretan behar dugu laguntza. Beraz, gonbidapena usurbildarrei bezalaxe beste leku batzuetan ere horrelaxe jokatzeko".

Beharrezkoa dute eta sortzen segiko badute. "Beti ari baikara proiektuka, honetatik bizi gara asko eta asko, eta gauza asko eduki behar dira martxan, etenik gabe batek huts egiten badu beste bati heltzeko. Geure kontura lan egiten ari garen neurrian, lan egiten hasterako gastu asko dauzkagu eta ez da erraza sortzen hastea, burua diruarekin beti bueltaka dagoenean. Orduan, iruditzen zait udaletxeetan eta apurka-apurka sortzen ari diren dirulaguntza horien bitartez lasaiago sortzeko aukera ematen diguzuela. Gero sariak datozela, hori ez da beti hala gertatzen, opari bat da. Sari horri esker egin dugu liburu hau eta lasaiago igaro da sortze prozesuaren ondorengo ekoizte, liburu egite prozesua. Era berean hurrengo urterako beste ipuin batzuk zirriborratzen hasteko modua ere ireki digu. Udaletxe guztiei gonbidapena sortzaileoi laguntzeko egunerokotasunean".

Sorkuntza sustatzeko bi laguntza lerro
Bi dira hain zuzen, Udalak kultur sorkuntza sustatzeko dituen bideak. Batetik, iaz plazaratzen hasi zen deialdia; sormenerako dirulaguntzak. Bi urteetako lanak babestu asmo zituena; 30.000 euroko partida bideratu zuten udal aurrekontueatik. "Hamar eskaera izan genituen eta haietatik bederatziri eman zitzaien laguntza", azaldu du egunotan, udal gobernu taldeko ordezkari Beñat Larrañagak. 2023ko udal aurrekontuetatik 15.000 euro bideratuko dituzte aurten. Plazaratu duten deialdiaren baitan, "lau eskaera jaso ditugu. Datozen egunotan baloratuko dituzte teknikariek eta hurrengo asteetan izango dugu deialdi honen ebazpena".

Horrekin batera, 2021ean udalerri hau, eta Udala beraz, kide duen Udalbiltzak abian jarritako "Geuretik Sortuak" egitasmoa dago, euskarazko sorkuntza sustatu asmo duena. Gogoan izango duzue, estreinako edizio haren baitan, Itxaro Borda Baionako idazleak egonaldia egin zuen Usurbilen eta hortik, "Gauak Zuri Usurbilen" liburua sortu zuen. Bi herrikideek, lerrootan protagonista dugun Yolanda Arrietak eta Ugaitz Agirrek Euskal Herriko beste bi udalerrietan eginiko egonaldietan beste bi sortze lan bideratu zituzten. "Estekak" ipuina sortu zuen Arrietak Nafarroako Etxarri-Aranatzen eta Agirrek Arabako Artziniegan "Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia". Guztiak sortzaileek eginiko egonaldietako herrietan girotutako sortze lanak izan ziren.

Lehen edizio hartan 17.000 euroko ekarpena egin zuen Usurbilgo Udalak. 19.000 eurokoa egin du abian den bigarren "Geuretik Sortuak" egitasmorako. Oraingoan, apirilean gure artean izango da Iñaki Martiarena "Mattin" komikigilea. Datozen asteotan "etorriko da gurera bertako egunerokotasuna ezagutu eta bere ekoizpenerako informazioa biltzera".

Bi laguntza lerro hauek, kultur sorkuntza sustatzea dute xede nagusia. "Usurbil herri aberatsa da kultur sorkuntzari dagokionez, baina konturatu ginen duela gutxira arte kultur ekitaldien antolaketa zela batipat Udalak dirulaguntzen bidez bultzatzen zuena. Beraz, kultur sorkuntza bera ere bultzatzea erabaki genuen diruz lagunduta, herriko sortzaileen lana ez zezan hainbeste baldintzatu norbere poltsikoak. Horregatik, euskarazko kultur sorkuntza bultzatzeko helburuarekin bi lan lerro jarri ditugu martxan azken aldian".