"Umeekin egoteko, bizitzeko aldarrikapena", Yolanda Arrietaren liburu berria

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 26a, 12:49

"Mari Gonagorri eta hamazazpi berri" ipuina aurkeztu die hedabideei eta herriko gaztetxoei egunotan bere egile Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak.

"Mari Gonagorriren irudiarekin urte asko ibili naiz forma eman nahian", eta azkenean itxura eman dio Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak egunotan aurkeztu duen bere "Mari Gonagorri eta hamazazpi berri" liburu berrian. "Mari Gonagorriren berri etxean zuzenean izan dut", azaldu zuen aurkezpen egunean. Bere esanetan euskal kulturak eta tradizioak hainbat eduki eta pertsonaia ditu "gaur egun eguneratu daitezkeenak". Garrantzizkotzat jotzen du hain zuzen, horiek "mende honetara ekartzea, gaur egungo kultura garaikidea eraikitzeko". Egun, "era askotako jendea, familiak daude, era askotako ohiturak, pentsamenduak eta ideologiak daude, eta zergatik ez liburu bat Mari Gonagorri delarik erortzen diren esne hortzen truke opariak ekartzeko". Egileak argitu nahi duenez, "saguari kontrapuntua egitea ez da erraza" eta ez da hura ordezkatzea bere asmoa.

Bere lan berrian, "oparien inguruko beste hausnarketa bat sartu nahi nuen, gaur egun dena baita erostea". Erosteko ordea dirua, eta dirua eskuratzeko zerbait egin beharra dagoela adierazita, hasteko, "zerbait egiteko jakin egin beharko duzu zer nahi dugun". Haurrei gutxitan egiten zaien galdera Arrietaren esanetan, baina helduok hori da galdetu behar dieguna. Eskuartean zuen liburua bidelagun ezin aproposagoa da horretarako, "haurrarekin irakurtzeko, poliki-poliki, atalez atal".

"Horrela zahartu nahi dut, haurtzaroa berreskuratuz"
Egunotan aurkeztu du prentsaurreko bidez Potxoenean eta baita Sutegin ere Udarregi ikastolako eta Aginaga zein Zubietako eskoletako haurren aurrean. Arrietak bere sortze lan berria aurkeztu artean, liburua ilustratu duen Enrique Morente, kontakizunari lotutako marrazkiak sortzen aritu ziren. Hiru guztira, ikastetxe bakoitzarentzat bana. Laugarrena segidan sortu zuen Potxoenean, Sutegi udal liburutegiarentzat.

Hamazazpi berriez, hamazazpi atalez osatua dago. "Guztiak jarraian irakurriz gero, liburuaren muina biltzen duen olerki bat osatzen da", egilearen esanetan. Haurrek bakarrik irakur dezaketen arren, helduekin partekatzeko gonbita egin du. "Heldu baten figura niretzat oso garrantzisua da une honetan. Etenik gabeko informazioa sartzen ari zaigu eta ez dugu tarterik hartzen informazio horrek umearengan zer eragiten duen jakiteko". Horregatik, "egunean zatitxo bat" irakurtzera animatzen du, "poliki-poliki handien laguntzarekin, konplizitatearekin irakurtzeko modukoa da eta irakurtzen goazen bitartean, bizitzari gure nahiei buruz hitz egiteko tartea hartzeko aitzakia. Umeekin egoteko, bizitzeko aldarrikapena".

Baita haurtzaroari dagokion balioa ematearena, "inoiz itzuliko ez den garaiarena. Garai horretan ia dena egin daiteke, umea da eta". Yolandak dioenez, "nik horregatik idazten dut, ez dudalako ahaztu nahi hori, eta horrela zahartu nahi dut, haurtzaroa berreskuratuz". Bere liburua "ofizialki" haurrei zuzendua egon arren, "ez dut itxi nahi adin tartea. 0-100 ere izan daiteke eta hori ere aldarrikatu beharko genuke".

Testu artean gainera irudiak daude, "arnasa hartzeko". Hitzen artera ekarri du irudia Enrique Morente ilustratzaileak. "Nik azaltzen diot berari zer nahi dudan, berak berehala ulertzen dit eta beti nik esandakoa dago, gehi zerbait gehiago". Aspaldiko ezagunak batu ditu berriz lerrootan protagonista dugun sortze lanak. "Berarekin lan egitea oso erraza da. Zergatik aukeratu nuen bera? Irudi edo marrazki mota hauek oso ondo doazelako".