Duela hilabete inguru, Txirikordan Muriasentzat lanean ari ziren azpi-kontratatutako enpresa batzuek udalari jakinarazi zioten lanak eten egin zituztela, Muriasek ez zielako ordaindu egindako lanengatik. Muriaseko obrako arduradunak halaxe zela baieztatu zion udalari. Egoera ikusita, udalak berehala deitu zuen bilera bat Muriaseko eta Grupo Urbaseko EAEko arduradunarekin. Grupo Urbas Espainiako inbertsio fondo bat da, eta 2020an erosi zituen Euskal Herriko hiru eraikuntza-enpresa: Urrutia, Murias eta Jauregizar. Beraz, orduz geroztik, hiru enpresa horiek Urbas taldeko parte dira.
"Egun batetik bestera arazo handi baten erdian jarri gaituzte"
“Gertatzen ari den guztiarekin oso kezkatuta, haserre, eta triste gaude”, dio alkateak. “Bai Txirikorda bai Ugartondo amaitzear dauden lanak dira, eta egun batetik bestera arazo handi baten erdian jarri gaituzte. Eraikuntza enpresa hauek eta Grupo Urbas inbertsio fondoen jarrera erabat salagarria da: diru publikoarekin eta herritarren bizi proiektuekin eta ametsekin ari dira jolasean, eta hori ez da zilegi, ez da onargarria. Udaletik gure eskuetan dagoen guztia egiten ari gara lehenbailehen egoera konpontzeko”.