"Harri Herri" izena du Euskal Telebistak astelehen gau honetan, 22:30etan hasita estreinatuko den saio berriak. 28 harri-jasotzaile (16 gizonezko eta 12 emakumezko) lehian jarriko dituen programan parte hartuko du Usurbilgo Lur Errekondok.
Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariek eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohiak aurkezturiko lehiaketarako launa emakumezko eta gizonezkoen harri-jasotzaile talde osatu dituzte. Errekondok taldekide izango ditu Maddi Gesalaga eta Nerea Arruti. "Talde bakoitzak talde-buru edo kapitain bana izango du", berri eman du Euskal Telebistak. Lurren taldeak Izeta II.a.
Hiru saio
Gaur hasita, guztira hiru saio izango ditu "Harri Herri" txapelketak; bi finalerdi eta final handia. Saioaren dinamika azaldu du ETB-k. "Harri jasotzaile bakoitzak harri bakarrarekin lan egingo du eta denbora jakin bat izango du horretarako. Gizonak lau harrirekin arituko dira eta emakumeak, berriz, hirurekin. Gizonezkoen harriak honako hauek dira: 200 kiloko koadroa, 137,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko kopa eta 100 kiloko bola. Emakumezkoen hiru harriak berriz, hauek: 88 kiloko koadroa, 63 kiloko zilindro zaharra eta 50 kiloko bola". Lur 88 kiloko koadroarekin lehiatuko da.
Txandaka lehiatuko dira harri bakoitzarekin. "Gizonezkoek 10 minutu izango dituzte lau harriekin lanean aritzeko; emakumezkoek, berriz, 6 minutu hiru harrientzat. Jasoaldi bakoitza denborarekin sarituko da; hartara, talde bakoitzak denbora-altxorra lortuko du". Finalaurreko saio bakoitzean izango den finalerako baliagarria izango zaiena. "Talde bakoitzak aurretik irabazi duen denbora-altxorra izango du harri baldarra jasotzen saiatzeko. Harria jasotzen duenak edo gehien jasotzen duenak irabaziko du finalaurrekoa. Inork jasoko ez balu, aurreko lau harriekin denbora gehiago batu duen taldea sailkatuko da finalerako".
Bi telebista kateetan aldi berean
Lur Errekondo Euskal Telebistako bi kateetan aldi berean ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek astelehen gau honetatik aurrera. Euskarazko katean lerrootan aipagai izan dugun lehiaketa berrian. ETB-2 katean, aldiz, urtarrilean estreinatu zen "El Conquistador" saioa aurkezten ariko da.