Herri-lanetan dituzte Usurbilgo hainbat kirol instalakuntza; besteak beste, gaurtik bertatik, hiru astez itxita egongo den Kaxkoko frontoia. "Lehenengo, frontoiko lurzorua konponduko dute: zulo txiki ugari dauzka, eta dena berdintzeko lanak egingo dituzte, bi egunetan. Zorua lehortzen utziko dute egun batez, eta, ondoren paretekin hasiko dira lanean. Batetik, goiko sarea kenduko dute, eta berria jarri, eta bitarte horretan kristalak garbitzeko aprobetxatuko dute. Horiek egindakoan, berriz, paretak margotuko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, bi aste beharko dituzte horretarako. Lan horiek amaituta, frontoia apirilaren 17an irekiko dute berriz. Lan horien guztien kostua 15.000 euro ingurukoa izango da", berri eman du Usurbilgo Udalak.
Haranen ere konponketak egingo dituztela ohartarazi du Udalak. Haranen jada abiaraziak dituzte lanok. "Barandak eta aldagelak pintatuko dituzte, eta kanpoko porteriak gordetzeko itxiturak jarriko dituzte. Haraneko belarra udan aldatu nahi du udalak, eta horren aurretik zenbait konponketa lan egiteko aprobetxatu du. Belarra aldatzeko esleipena epe motzean jarri nahi dute martxan".
Oiardo Kiroldegian ere hobekuntza lanak
Kirol instalakuntzetan hobekuntza lan gehiago egingo dituela ere berri eman du Usurbilgo Udalak egunotan. Zehaztu duenez, Oiardo kiroldegiko gimnasioan eta igerileku txikian.
Igerileku txikia ur kontsumoa murrizteko filtro sistema berria ezarriko dute. 10.700 eurokoa izango da inbertsio hau. "Legez, egunero, ur kopuru jakin bat bota behar izaten dute igerilekuek, higiene arrazoiengatik, eta, ondorioz, ur kontsumo handia eragiten dute. Filtro sistema berriarekin, ultravioleta izpien bidez garbituko da ura, eta uraren kalitatea hobetzeaz gain, ur kontsumoa murrizten lagunduko du", azaldu du Usurbilgo Udalak.
Aipatu moduan, bestalde, gimnasiorako material berria erosiko dute: pisu librerako materiala (mankuernak, diskoak eta barrak), pisu librean aritzeko koltxoneta berria, entrenamendu funtzionala egiteko materiala (power bag desberdinak) eta korrika egiteko motorrik gabeko zinta. Horrekin batera, "pisu libreko gunea handitu egingo da, eta horrek espazioan zenbait egokitzapen egitea eragingo du, adibidez, makina batzuk lekuz mugitzea. Larrialdiko irteeraren ondoko gunea ere egokitu egingo dute, luzaketak eta beste motatako ariketak egiteko".
8.990 euroko inbertsioa bideratuko dute material erosketa horretara. Erabakia, erabiltzaileei urtarrila amaieran egindako galdeketatik dator. Usurbilgo Udalak aurrekontuetako 8.000 euro kiroletako material erosketara bideratu asmo zuen. Diru kopuru hau nola xahutu nahiko luketen galdetu zieten erabiltzaileei. "Guztira, 120 erabiltzailek bete zuten, eta horien erantzunak eta begiraleen gomendioak aintzat hartuta erosiko dute material berria".
Txokoalde-Santuenea bidea itxita
Aurreko uda hasieran hasi ziren zatika ixten hasi ziren Txokoalde Santuenearekin lotzen duen Oria ondoko bidea; ur zikinen saneamenduaren kolektorea eraikitzeko lanak tarteko. "Arriskuak saihesteko" hainbat uneetan oinezko nahiz ibilgailuentzat itxita egon zen tarte hau, bertako bizilagunentzat edota zonaldean baratzak zituztenentzat izan ezik. Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, astelehen honetan, martxoaren 27an, "Txokoalde eta Santuene artean saneamenduko hodi berriaren obrak kaltetu dituen eremuak asfaltatuko dira". Beti ere eguraldiak laguntzen badu. Hala bada, "hiru egun beharko dituzte, eta tarte horretan Txokoalde eta Santuene arteko bidea itxita izango da", ohartarazi du Udalak.
Troia eta Txikierdi arteko lanak maiatza amaierara arte
N-634 errepidetik irten gabe, otsailaren 28an amaitzekoak zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak Troia eta Txikierdi arteko lanak N-634 errepidean. Azkenean ordea, ekainera arte luzatuko direla ohartarazi du. "Martxoaren 3an, amaitutzat eman ziren N-634 errepidearen oin-horma sendotzeko obrak, 1,715 eta 1,792 KPen artean, Usurbilgo udal-mugartean. Hala ere, obra horiek egin bitartean, horma sendotuaren alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi zen, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hormaren sendotzea Donostiarantz luzatzea". 40 metro luze eta 3 metro garai den horma sendotzeko, hormigoizko zapata baten bidez azpiak berrituko dira eta proiektatutako hormigoizko geruza bikoitza jarriko da.
Lanak amaitu artean, ondorioz, "Donostiarako noranzkoko erreia maiatzaren 31era arte itxiko da". Zirkulazioa noranzko bakarrekoa izango da eta orain arte bezala, semaforo bidez antolatuko da trafikoa, txandakako sisteman. "Sor litezkeen trafiko handiko aldietan, seinaleztatzeko langileen laguntza egongo da", Aldundiak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez.