Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren barau-itxialdiaren oihartzun handia, eta manifestazio arrakastatsua Bilbon
Bilbon buruturiko barau-itxialdiak oihartzuna izan du euskal gizartearen sektore zabal batean, baita Euskal Herriko eta Estatuko komunikabideetan ere. Ekimenak bi helburu izan ditu; batetik, Espainiako Gobernuari 1.080 euroko Gutxieneko Pentsioa exijitzea, eta, bestetik, hori lortu artean pentsioak kopuru horretara osa ditzatela eskatzea Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Gobernuei eta Legebiltzarrei, horretarako baliabideak eta eskumenak badituztelako.
Bestalde, ekimenari esker, estatuko gainerako erkidego eta herrietako hainbat sektore pentsiodun eta herrikoietan arreta eta interes handiz jarraitu dute ekimenaren erronka eta lehentasunezko helburua: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 14 ordainsaritan, eta berehala aitortu eta aplikatzea.
Martxoaren 18an Bilbon egin zen manifestazioak, kanpainaren amaiera gisa, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako milaka pentsiodun bildu zituen, eta langileen eta beste sektore herrikoi batzuen babesa jaso zuen. Iruñeko osasun publikoaren aldeko manifestazioan parte hartzeari lehentasuna ematea erabaki zuten Nafarroako pentsiodunek. Bilboko manifestaziora bertaratze garrantzitsuak berretsi egin zuen barau-itxialdiaren eta haren inguruan bultzatutako kanpainaren arrakasta.
Pentsioen erreforma berriaren balorazioa
Ostegunean, Ministroen Kontseiluak oniritzia eman zion bezperan CCOO eta UGT sindikatuekin pentsioen erreformari buruz lortutako akordioari. Egun hauetan zehar, hainbat negoziazio egiten ari dira, eta, ondoren Kongresura igaroko da eztabaidatu eta onartzeko.
Enpresaburuek Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak %0,5 igoko dira, eta langileek egindako kotizazioak %0,1. Igoera hori positiboa da Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak hobetzeko. Halaber, gehienezko kotizazioen muga kentzea. Baina azken hori oso mugatua eta oso luzea da denboran, eta, beraz, diru-sarreretan izango dituen benetako ondorioek eragin gutxi izango dute epe laburrean.
Nabarmendu da kotizaziopeko gutxieneko pentsioak nabarmen hobetuko direla, Europako Gutun Sozialaren gomendioetatik gertu. Egia da emakumeen kotizazio-hutsuneetako genero-arrakala eta estaldurak arintzeko neurri positibo batzuk jasotzen direla, baita kotizaziopekoak ez diren pentsioak eta alarguntza-pentsioak hobetuko direla iragarri izana ere.
Baina, dakigunez, 65 urte edo gehiago dituen eta ezkontidea bere kargura duen pentsiodunarentzako gutxieneko kotizaziopeko pentsioa 2023an 966,21 eurokoa izango da; baina adin horretan pertsona bakarreko unitate ekonomikoa osatzen duenak, hau da, bakarrik bizi denak, 783,07 euroko pentsioa baino ez du izango. 2027an, lau urte barru, ezkontidea ardurapean duen 65 urte edo gehiagoko pentsiodunak 1.179,36 euroko pentsioa izango duela aurreikusten da. Eta bakarrik bizi bada, pentsioa 920,07 eurokoa izango da.
Akordio horrek ez ditu indargabetzen 2011. urteaz geroztik jasaten ari garen pentsioen erreforma erregresiboak (15 urtetik 25era pasatzea pentsioak kalkulatzeko, 65 urtetik 67ra bitarteko erretiro-adina handitzea...) baizik eta haien mantentzea betikotzen du.
Murrizketa gehiago egon ez izana eta hobekuntza batzuk sartu izana, zalantzarik gabe, pentsiodunen mugimenduaren mobilizazioetan eta presioaren ondorio dira. Baina ezin dugu gure kritika irmoa egin gabe utzi adosten ari denagatik, ez baitie erantzuten EHPMk eta Estatuko gainerako erkidego eta herrietako pentsiodunen plataformek defendatzen ditugun bidezko eta zentzuzko eskaerei.
Gipuzkoako Pentsiodunak