Energia Berriztagarrien Komunitatea kooperatiba sortzekotan da, iragan astean Potxoenean egin zuten bileran iragarri zutenez.; irabazi asmorik gabekoa, xede sozialduna, ingurumen onura bilatuko duena, trantsizio energetiko justu baten alde jardungo duena, pobrezia energetikoari erantzungo diona edota tokiko ekonomia sustatuko duena. Egingarritzat jo dituzten lehen proiektuak bideratzeko ezinbestekotzat jo zuten kooperatiba sortu beharra. Bidera daitezkeen bi ekimen aipatu zituzten; energia aholkularitza zerbitzua eskainiko duen bulegoa zabaltzea, edota autokontsumorako instalazio elektriko partekatua jartzea Alkartasuna Kooperatibaren egoitzako teilatuan. Bi kilometroko erradioan, 100-120 onuradun izan ditzake azken neurri honek.
Kooperatiba sortzeko estatutuen zirriborro proposamena onartu eta kontseilu errektorea izendatzekotan geratu ziren, eraketa batzarra egitekotan, astearte honetarako, martxoaren 28rako. Kooperatiba eratzeko beharrezko kapitalaren zenbatekoa ere zehaztu zuten. Horretarako, bazkidetza sustatu nahi dute herrian. Bilgunearekin hartuemanetan jartzeko info@ebkusurbil.eus helbidera idatzi daiteke.
Lehen urtea
Urtebeteko ibilbidearen emaitza da kooperatiba eratzeko asmoa.Taldea identifikatu eta eratu dute denbora tarte honetan, formakuntza jaso dute. Hamabi laguneko lan taldean gainera, hiru batzorde osatu dituzte; bat, alor juridiko eta administratiboa jorratzen aritu dena, bestea komunikazioaz arduratu da, eta azkena, proiektuen lanketaz. Orain eratu nahi duten kooperatiba definitzen aritu dira, lehen proiektuak ere identifikatzen jardun dute.