Uda giro beteko asteazkena, udaberrian murgildu ginenetik astebete pasatxora. 26 graduko tenperatura izan dezakegu datozen orduotan, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 15:00-18:00 artean. 20 graduren bueltako gaua izan ostean, tenperatura beroagoa izango du datozen orduotan. Gau partean ere 20 gradutik gorako tenperatura izan dezakegu. Giro honekin baso sute arrikuagatik abisu horian izango gara egun osoz. "Baso-sute arriskua handia da, batez ere Kantauri isurialdean, hegoaldeko haizearen indarragatik, tenperatura altuagatik, hezetasun baxuagatik eta landareriaren lehortasunagatik", ohartarazi du Euskalmet-ek. Ostegun eguerditik gauerdira ere indarrean izango da abisu horia, arrazoi beragatik.
Asteazken honetan hain zuzen, "tenperatura maximoek gora egingo dute berriro eta giroak udako itxura hartuko du, batez ere iparraldean, hor izango baita hego-haizearen eragina nabarmenagoa. Kostaldeko zenbait lekutan altuenak 30 ºC inguruan egon daitezke. Hego-haizea, indartsu, bolada oso gogor batzuekin. Zerua ez da garbi egongo, tarteka erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko direlako, baina eguna eguzkitsua izango da orokorrean".
Ostegunean freskoago, baina 20 graduren bueltako tenperatura izan dezakegu Euskalmet-ek iragarri duenez. "Ostegunean hodei gehiago agertuko dira; barnealdean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira nagusi, kostaldean behe-hodei batzuk ere ager daitezke noizbehinka, batez ere goizean. Barnealdean hego-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, bolada zakarrekin. Kostaldean haizea ez da hain indartsua izango eta ekialdetik jotzeko joera izango du. Horregatik, kostaldeko tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira; gainerako tokietan ere behera egingo dute altuenek baina jaitsiera ez da handia izango".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus