Errigoraren produktuak eskatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 29a, 08:16

"Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpainako oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak errigora.eus bidez edota NOAUA! Kultur Elkartean eskatzeko azken eguna duzue gaurkoa, martxoaren 29a.

Etxeko despentsa urte osorako "Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estrarekin (bidoika) eta kontserba, pasta, arroz eta lekale sortekin (12 unitateka)" betetzeko deia egin du Errigorak, "auzolanari esker, zure herrian ekoizlearen etxean duen prezio berean". Gaurkoa duzue, martxoaren 29a, produktuok eskatzeko azken eguna!

"Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpaina
Aukeran izango diren produktuak: oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak.
Epea:
martxoak 9-29.
Eskaerak: online errigora.eus bidez edo NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Banaketa: maiatzaren 12an eta 13an Udarregi ikastolan.
Ordainketa: online eginez gero bi zatitan edo dena batera ordaintzeko aukera. Bestela, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan.
Informazio gehiago: errigora.eus

Zigilu berria
"Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoalde eta erdialdea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz". 

Bide horretan, urrats berri bat eman du Errigorak, udaberri parteko kanpainari ekitear den honetan. Errigora Balioak identifikatzailea sortu eta aurkeztu berri du Errigorak. "Euskara, elikadura burujabetza eta auzolana bultzatu nahian, gurekin bat egin duten Nafarroako Erdialdeko eta Erriberako ekoizleekin, urteetako bide bat urratzen joan gara. Orain, Errigoraren komunitatearekiko konpromisoa sakontzeko asmoz, beste urrats bat elkarrekin ematera goaz. Errigora Balioak identifikatzailea sortu dugu horretarako".

Lau balio
Lau ardatz edo balio ditu identifikatzaile berri honek. Batetik, bertakotasuna. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktua Ager zonaldeko jatorrikoa dela. Produktu bakoitzaren trazabilitatea jasota dago ekoizleak egin duen Autoebaluaziorako Adierazpen Arduratsu baten bidez".

Bigarrenik, euskara. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktua elaboratu duen ekoiztetxean euskara normalizatzeko plana garatzen ari dela. Euskararekiko konpromisoa ekoizle talde osora zabaldu da, euskara planek norberaren errealitatearen arabera erritmo eta garapen ezberdina badute ere".

Hirugarrenik, auzolana. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktuak elaboratu duen ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela. Errigoraren auzolana era ezberdinetara gauzatzen da urtean zehar: kanpainetan banatzen diren saskiak osatu, bisitak, hitzaldiak...".

Nekazariarekiko harremana da identifikatzaile berri honen laugarren Errigora Balioa. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktuaren ekoizpenean erabiltzen den osagai nagusia landu duen nekazariarekiko harremana bidezkoa izan dela. Nekazariak ez diren ekoizleek euren produktuak elaboratzeko nekazari jakinei erosten diete lehengaia. Bitartekaritzarik gabe, gertuko eta elkarlaneko logikak nagusitzen dira harreman hauetan". 

"Bete ezazu despentsa!"
Balio horietan zuzenean eragiteko aukera ederra dugula gogorarazi digu Errigorak, martxoaren 9an abiaraziko duen "eskutik eskura" kanpainarekin. Hartara, nekazari eta elaboratzaileen arteko bidezko harremana bermatu, euskara sustatu eta gainera, "lur-eremu berriak jartzen dira bestelako ereduen esku, ekoizpen arduratsuan oinarrituta eta kanpotik ekartzen genituen produktuen ekoizpena berreskuratuz, elikadura burujabetzara bidean. Bete ezazu despentsa!", egin dute gonbita.