Ogasunarekin diru kontuak argitzen hasteko garaia ate joka dugu. Lehenik eta behin, gaurtik, martxoaren 29tik autolikidazio proposamenak ikusteko aukera izango dute gipuzkoarrek, baita beraz, Usurbilgoek ere. Proposamenok bistaratzeko bi modu izango dituzue. Gipuzkoako Foru Aldundia proposamenak eskutitz bidez bidaltzen hasiko da gaur bertan. Bestela, online bidez, esteka honetan kontsultatu dezakezue: autolikidazio proposamenak ikusi
Datak
Ikusi bai, baina ezingo da tramitatu edo onartzen hasi autolikidazio proposamena, apirilaren 3ra arte, datorren astelehenera arte. Gogoan izan, Foru Aldundiko Ogasunak finkatuak ditu 2022ko errenta modalitate ezberdinetan aitortzeko datak:
-Martxoak 29tik aurrera: autolikidazio proposamenak ikustea.
-Apirilak 3-ekainak 30: autolikidazio proposamenak onartzea.
-Apirilak 12-ekainak 30: Internet bidez aitorpenak aurkeztea.
-Apirilak 13-ekainak 8 (epea luzatu daiteke ordu libreak egonez gero): errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea.
-Apirilak 17-ekainak 30: errenta mekanizatuaren aitorpena aurkeztea.
Informazio gehiago gipuzkoa.eus atarian.
Errenta aitorpena euskaraz
Errenta euskaraz aitortzeko aukera izango dugu urtero moduan. Autolikidazio proposamena jasotzen duenak, telefonoz nahiz internet bidez onartzerakoan euskaraz egin nahi dela adierazi eta “aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu”. Internet bidezko modalitatean, “errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu, finantza erakunde batean esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu”. Errenta mekanizatuaren kasuan, hitzordua eskatzerakoan Ogasunarekin euskaraz harremandu nahi dela adierazi daiteke.
Hobaria NOAUA! K.E.-ko bazkideentzat
Adi baita NOAUA! K.E.-ren bazkideok; bazkidetzagatik hobaria aplikatuko zaizue errenta aitorpenean.