Ontzigintza Usurbilgo jarduera ekonomiko nagusiena izan zen XVI. eta XIX. mendeen artean

Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 17:41

Oriak dituen ezaugarri naturalei esker, ardatz garrantzitsua izan da ibaiaren arro osoan. Harreman sozialak eta ekonomikoak artikulatzeko garaian funtsezko papera jokatu du. Hori dela eta, historiaren garai luze batean errioa aberastasun iturri nagusiena izan da Oria inguruko herritarrentzat. Merkataritza, arrantza eta ontzigintza sektoreetan nagusiki. Azken honetan erreparatu dugu ondoko erreportajea osatzeko garaian.

 

Lourdes Odriozola Oyarbide izango da ontzigintza sektorea gehien eta ondoen ikertu duen historialaria. Argitalpen ugari plazaratu ditu, besteak beste, Oria ibaiko untziak (askoren artean idatzia, 1994. urtean argitara emana), Construcción naval en el País Vasco, siglos XVI-XIX (Pasaiako Portua, 2002) eta Mutiozabal, constructores navales del Oria (Aquarium,  2014) liburuak.

Lourdes Odriozolaren esanetan, ez dago argi noiz eraiki ziren lehen ontziolak Orian. Zaila da data bat zehaztea. Merkataritza jarduerari erantzuteko eraiki zirela, hori argi samar dagoela dio Odriozolak. Orioko portuan burdinaren garraioa ugaritzen hasi zenean, orduan loratu zen ontzigintzari lotutako industria Usurbilen, Aginagan, Orion eta Aian.

ORIA IBAIAREN ARROA

"Ontzigintzaren sektorean, Hego Euskal Herriko gune garrantzitsuena izan zen hainbat garaitan"

Oriako ontziolen inguruko lehen agiriak XVI. mende erdialdekoak badira ere, aurretik nao batzuk ere eraikiko zirela uste da.

Artisau-lana zena, industria bilakatuko da denborarekin. Lourdes Odriozolak Mutiozabal liburuan dioenez, XVI. mendetik aurrera ugaldu egingo dira ontziolak eta hori azaltzeko hainbat arrazoi aipatzen ditu: Oria ibaiaren arroak dituen ezaugarri orografikoak, ontzigintzarako kalitatezko egur ugari eskura, materiala ibaian barrena garraiatzeko erraztasunak, eskulan kualifikatua eta burdinola ugari inguruan (ontzigintzarako beharrezkoak ziren elementu metalikoak egiteko). Ezaugarri hauei guztiei esker, Oria ibaiaren arroa oso produktiboa izan zen XIX. mende amaierara bitarte. Eta ontzigintzaren sektorean, Hego Euskal Herriko gune garrantzitsuena izan zen hainbat garaitan. 

 

Fidagarritasun handikoak

XVI. mendetik aurrera, Oriako ontzigileek ospe handia izango dute. Tamaina handiko ontziak egiten zituzten garai hartan, errege armadaren enkarguei erantzun nahian. Indietako lasterketa ere orduantxe hasi zen eta bezero hauek ere tamaina handiko ontziak behar izaten zituzten. Orian ekoitzitako barkuek fidagarritasun handikoak ziren eta horri esker ontziolak ugaltzen joan ziren. XVII. mendean, ontzigintza izan zen industriarik nabarmenena Oria ibaiaren arroan.

 

Dibertsifikaziorako joera

XIX. mendera arte  lan asko egin zen Oriako ontzioletan. Neurri batean, dibertsifikaziorako joera izan zutelako. Ontzi handiez gain, merkataritzarako, garraiorako zein arrantzarako txalupak egin zituzten. Tamaina eta tankera ezberdineko ontzien ekoizpenari esker, bezero ezberdin ugari izan zituzten. Dena den Lourdes Odriozolak Mutiozabal liburuan dioen moduan, ontzigintza sektoreak ez zuen ibilbide lineal bat izan. Oparotasun, hazkunde eta atzeraldi garaiak ezagutu zituen. 

 

Andatza-Irisasi mendiko zuhaitz enborrak oso preziatuak ziren ontzioletan

Itsasontzi bat gradan, eraikuntza eremuan. Ontziolena XVI. eta XVIII. mendeen arteko jarduera ekonomiko nagusiena izan zen Usurbilen. Argazkia: Marqués de la Vitoriaren arkitektura hiztegian jasoa (Madrilgo Ontzigintza Museoa).

 

Harrigarria dirudi baina halaxe izan zen. XVI. mendetik XIX. mendera bitarte, Usurbilen eta Aginagan lau ontziola egon ziren eta bertan ehunka itsasontzi egin ziren. Gerrarako zein kolonizaziorako galeoiak eta fragatak, arrantzarako zein garraiorako ontziak eta txalupak. Eta estimazio handikoak ziren gainera. Gaur egun, ia ez dago jarduera honen arrastorik errioan.  Erreportaje honen bitartez, Usurbilgo eta Aginagako ontzigintzaren inguruko datu batzuk batu nahi izan ditugu.

 

Ontziolen fenomenoa ulertzeko arrazoiak

XVI. eta XVII. mendeetan, Usurbil eta Aginaga funtsezkoak izan ziren ontziolen ekoizpenean. Zer dela eta? Usurbil, Iraganari begiratuz (Usurbilgo Udala, 2001) liburuak arrazoi hauek nabarmentzen ditu:

 

1. Kokagune estrategikoa.

Espainiar eta frantziar monarkiek liskar ugari izaten zituzten. Ontziolak helburu militar bihurtzen dira eta Espainiako monarkiak babestu egingo ditu. “Hondarribia, Irun eta Donostialdeko defentsa sistemei esker, lur eraso militarretatik babestuko ditu Oria ibaiko ontziolak”.

 

2. Kantauri itsasotik gertu.

Orian eraikitako ontziak modu eroso eta azkar batean iritsiko dira Pasaiara edota Kantauri itsasoko beste edozein portura. Era berean, Bizkaitik edo beste lekuetatik beharrezkoak ziren lehengaiak edo tresneriak ibaian zehar eskuratzeko aukera eskaintzen zien Oria inguruko ontziolei.

 

BEZERO NAGUSIAK

“Ontziolen urrezko aroan, bi izan ziren bezero nagusiak: Espainiako Errege Armada eta Indietako kolonizazioan aritu ziren konpainiak”

 

3. Ezaugarri topografikoak.

Oria ibaiak gurean dituen meandroak eta zabaldurak. Ezaugarri topografiko honek posible egingo du ontzien uretaratzea erraza izatea.

 

4. Andatza-Irisasiren ekarpena.

Usurbilgo mendiak eskaintzen zuen egurra kalitatezkoa eta ugaria zen. Andatza-Irisasiko zuhaitz enborrak oso preziatuak ziren ontzioletan eta fama handikoak sektorean.

 

5. Eskulan kualifikatua.

Usurbilgo herritar asko aritzen ziren ontzioletan lanean. Egur langintzan ere trebeak ziren. Usurbil, Iraganari begiratuz liburuan jasoa datorrenez, “honek posible egiten zuen lan kostua murriztea, ez zelako beharrezkoa kanpotik eskulan kualifikatua ekartzea”.

 

Zer nolako ontziak egin ziren Orian?

XVI. eta XVII. mendeetan, tona handiko ontziak eraiki ziren eta bezero nagusiak bi izan ziren: Espainiako Errege Armada eta Indietako kolonizazioan aritu ziren konpainiak.

XVIII. mende erdialdean birmoldaketa bat emango da. Espainiako monarkia beste lurralde batzuetako untziolekin hasiko da lanean, Indietako sukarra apaldu egingo da eta, horren guztiaren ondorioz, arrantzarako zein garraiorako ontziak egiten hasiko dira. Ontzien ezaugarriak eta tamainak aldatu egingo dira. Txikiagoak, eta bezero partikularrei bideratuak.

 

San Jose galeoia Mapilen eraiki zen XVII. mende amaieran

San Jose galeoia lehertu berritan. Samuel Scott margolariaren koadroa.

 

San Jose 64 kanoi eta 3 mastako galeoia zen, Espainiako itsas armadaren enkarguz egina. Francisco Antonio Garrotek diseinatu eta Pedro Arostegik eraiki zuen Mapileko ontziolan. Eraikuntza 1698an amaitu zen.

1708ko ekainaren 8an Karibeko uretan hondoratua izan zen. 2015eko abenduaren 5ean Kolonbiako Gobernuak aurkitu egin zuela iragarri zuen. San Joseren barruko altxorrak 17.000 milioi dolarreko balioa izan zezakeela zabaldu zen orduko hartan.

 

Ontziolen loraldia eta gainbehera

Uriberri eta Mapil artean kokatutako ontziola. Maketa hau Donostiako Aquariumean aurkitzen da. Argazkia: Wikipedia.

 

XV. eta XVII. mendeen arteko loraldia

XV. mendekoak dira lehen erreferentziak. Dena den, ontziolen garai oparoa XVI. mendearen erdialdean hasi zen. Espainiako Errege Armadak itsasoan borrokatzeko premiazkoak izango ditu itsasontziak eta horrek ontziolen hedapena ekarriko du. Beste bi fenomeno ere eman ziren garai horretan: Indietako kolonizazioa eta merkatal jardueren ugaritzea.

Bezero hauen guztien premiak asetzeko, tona handiko ontzi ugari egin ziren Gipuzkoan eta horietako asko Usurbil eta Aginagako lurretan eraiki ziren. Arrutarte (Rutarte), Mapil eta Urdaiagako ontziolen izenak ageri dira garai hartako dokumentazioan.

 

BIRMOLDAKETA

“XIX. mendean birmoldaketa bat emango da sektorean eta tamaina txikiko ontziak eraikitzen hasiko dira, garraiorako zein arrantzarako pentsatuak”

 

XVIII. mendean, gainbeheraren hasiera

XVIII. mendearen erdialdean ordea, egoera aldatu egingo da. Borbondarrek Espainiako koroa eskuratu zuten eta ontziolen ekoizpena beste herrialde batzuetara zabalduko dute. Galiziara, besteak beste. Euskal Herriko ontziola asko lanik gabe geratuko dira eta, horren ondorioz, ekoizpenak behera egingo du Gipuzkoan. Testuinguru honen aurrean, ontzigileak egoera berri honetara egokitzea beste erremediorik ez dute izango eta tona zein tamaina txikiko ontziak egiten hasiko dira. Helburu militarreko itsasontziak egiteari utzi eta arrantza-ontziak ekoizten hasiko dira.

Mapilen ekoiztutakoak ageri dira mende horretako paperetan, baina horrek ez du esan nahi besteak desagertuko zirenik.

 

XIX. mendea, birmoldaketa garaia

Oriako ontziolak krisian dira, desagertu dira garai bateko bezeroak eta ekoizpenaren dibertsifikazioari ekin beharko diote. Birmoldaketa bat emango da sektorean eta tamaina txikiko ontziak eraikitzen hasiko dira, garraiorako zein arrantzarako pentsatuak.

Aro honetan Mapil eta Zakoetako ontziolek lanean jarraituko dute eta sona handikoak izaten segiko dute. Orduko agiriek diotenez, forma eta tamaina ezberdineko ontziak egin ziren Oria ibaian. Eta Gipuzkoan eraiki zen lehen lurrunontzia Aginagan egin zen, Uriberriko ontziolan, 1877. urtean.

 

Usurbil eta Aginagako ontziola nagusiak

Usurbil, Iraganari begiratuz liburuan lau dira nabarmentzen diren ontziolak: Urdaiaga edo Urdazaga, Rutarte edo Arrutarte, Mapil eta Zakoeta.

 

Urdaiaga edo Urdazaga

Ontziola honen lehen erreferentzia 1542. urtekoa da. Urdaiaga Torrearen, alegia, Zatarain jauregiaren alboan aurkitzen zen. Eta bertatik bertara, Urdaiagako kaia.

 

Rutarte edo Arrutarte

Mapil eta Zakoetako eremuen artean kokatzen zen. Ontziola honi buruzko lehen erreferentzia 1600. urtekoa da.

 

Mapil

Usurbilgo ontziola garrantzitsuena izan zen. Orain urte gutxi arte Mapil baserriaren inguruan aurkitzen zen. Mapilek badu abantaila bat: Oria ibaiak bertan duen meandroak eta zabalguneak ontziak uretaratzeko leku aparta eskaintzen du.

Mapil inguruko ontzioletan itsasontzi ekoizpena handia izan zen denbora luzez. 1657. urtetik 1662. urtera bitarte, lau galeoi egin ziren Mapil aldean. Atera kontuak. Tamaina ezberdineko ontziak egiten zituzten eta agiri askotan nabarmentzen da ontziola hauen kalitatea.

 

Zakoeta

1831. urteko agirietan Zakoeta eta Mapil nabarmentzen dira, kalitate eta tamaina handiko ontziak egiteko bere gaitasuna azpimarratuz. “1817-1840 urteetan Zakoetako ontziolen ekoizpena zerrenda trinkoa egin daiteke”, Lourdes Odriozolaren ikerketa lanetan jasoa datorrenez. “Datu hauetatik bi ezaugarri dira azpimarragarriak. Lehena, ontzien tamaina txikia; eta bigarrena, ontzigileen artean bazela bat oso aktiboa izan zena: Miguel Antonio Mutiozabal”. Gerora, Orion finkatuko den ontzigilea.

 

Beñat Ibaieta: “Mapilen 1.300 tonako kargari eusteko moduko ontziak egin zituzten”

Beñat Ibaieta zumaiarra Euskal Bateleroen Elkarteko zuzendaria da, usadiozko ontzien berreskurapena eta erabilera bultzatzeko sortua. Horretaz gain, ontziolen inguruko hitzaldiak ere eskaini izan ditu. Duela urte batzuk Mutiozabal ontziolari buruz aritu zen Orion. Ibaietaren esanetan, “gaur egun zaila da imaginatzea garai hartan zer nolako gaitasuna zegoen hemen. Ontziolena mundu mailako industria bat izan zen”.

BEÑAT IBAIETA

“1.300 tonako kargako ontziak eraikitzen ziren Mapilen. Beraz, 100dik gora lagun arituko ziren bertan lanean. Eta orduan ez zen elektrizitatetik ezta egungo tresneriarik”

NOAUA! XV. eta XVI. mendeetan ontziola asko egon ziren Orian eta estimazio handikoak ziren gainera, ezta?

Beñat Ibaieta. Hori da. Orain arte ezagutaraziak izan diren ontziola nagusi horiez aparte, beste batzuk ere egon ziren. XVI. eta XX. mendeen arteko agirietan 10 bat ontziolen aipamenak jasota daude. Usurbildik hasi eta ibaiaren bokaleraino.

 

Oriako ontziolen loraldia azaltzeko faktore bat baino gehiago aipatu izan dira. Kokapena, esate baterako.

Faktore asko daude bat egiten dutenak. Inguru geografikoa da horietako bat, bai. Ez zen gaur egun dagoena, noski. Esate baterako, hezegune eta zingira gehiago zeuden garai hartan. Gerora gizakiak tokia jan zion ibaiari, baratzeak landatu edota industriarako lur sail handiak eraikitzeko.

Beste faktorea materiala zen. Lanerako egurra adibidez, eskura zuten. Mutiozabaldarren agirietan jasoa geratu denez, basoak ez zituzten nolanahi ustiatzen. Haritzak modu jakin batean behartzen zituzten, gero ontzigintzarako moldatu ahal izateko. Informazio asko dago horren inguruan: nola garraiatzen zuten egurra, noiz eta nola mozten zuten, zertarako erabiltzen zen...

 

Andatza-Irisasiko zuhaitzak modu jakin batean landatzen  zituzten, ontziak eraikitzeko baliagarriak izan zitezen?

Hori da. Bitxia dirudien arren, luzarorako perspektiba zuten. Haritza adibidez, urtean zentimetro bat haziko bada, 40 bat urte pasa beharko dira haritz koxkor bat egiteko. Ez zuten epe laburrean bakarrik pentsatzen, beraien perspektiba luzarorako zen. Ondorengo belaunaldiak ere kontuan izaten zituzten. Ondorengoentzat zur egokiak uzteko joera zutela esan daiteke, mendiaren ustiaketa osasuntsu bat eginez.

 

Errioaren ezaugarriak ere zeresana izango zuen ontziolen hedatzean, ala ez?

Ontziola batzuen dimentsioak oso handiak ziren. Mapilekoan adibidez, ia 1.300 tonako kargari eusteko moduko ontziak egin zituzten. Gaztelako erregearentzat fragatak egin zituzten bertan. San Jose izenekoa, besteak beste (irudia 6. orrialdean duzue ikusgai). Erregearen eskariak batez ere Mapilen eraikitzen ziren. Baina merkantzia-ontziak ere egin zituzten bertan.

Mapilekoaz gain, beste ontziola batzuk ere baziren Usurbilen. Aginaga (edo Zakoeta bezala ere ezaguna), Urdaiaga (edo Urdazaga bezala ere ezaguna), Rutarte eta Zubieta.

 

“Ontziolena mundu mailako industria bat izan zen,

izugarrizko garrantzia izan zuena”

NOAUA! Gaur egun, Aginaga eta Usurbil errioari bizkar emanda bizi dira. Ontziolen garai hura gogora ekarriz, orduko ondarea berreskuratzeko bide bat zabaldu daiteke akaso?

Beñat Ibaieta. Bide bat ez, autopista bat! Begira, Euskal Herriak itsas-historian aipamen berezi bat merezi du. Euskaldunak lehenak izan ziren munduari itzulia ematen, balea-arrantzan Amerikaraino ere iritsi zirela dioten agiriak daude... Hain zabala da Euskal Herrian itsas-ondareari lotutako guztia.

Gaurko egunez, zaila da imaginatzea garai hartan zer nolako gaitasuna zegoen hemen hau dena aurrera eramateko. Ontziolena mundu mailako industria bat izan zen, izugarrizko garrantzia izan zuena. Berdin balea-arrantzan, Indietako kolonizazio garaian, Amerikaren deskubrimenduan..., Itsas-gerretan ere, Gaztelako erreinuak premiazkoak zituen fragatak Euskal Herrian egiten ziren.

Gaur egun, itsas bilkurak antolatzen dira mundu mailan eta bilkura hauek oso ezagunak dira Europako Iparraldeko herrialdeetan: Herbeheeretan, Britainia Handian, Frantzian, Alemanian bertan... Itsas kultura oso zabaldua dago herrialde horietan eta gobernuek laguntza handiak ematen dituzte euren ondarea babesteko. Hemen aldiz, lan handia dugu egiteko oraindik.

 

“Mutiozabaldarrak Aginagan hasi ziren ontzigintzan”

Orioko Mutiozabal Gipuzkoako ontziola tradizionalen artetik gaur arte zutik iraun duen bakarra da. Orioko Udalak erosi eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker zaharberritua izan da.

 

NOAUA! Mutiozabal abizena ontziolei lotuta dago. Euren jatorria usurbildarra da, ezta?

Beñat Ibaieta. Orioko ontziola hori (argazkikoa) bigarren fase batean eraiki zuten, hazkunde betean zeudela. Aginagan hasi ziren ontzigintzan eta ondoren zabaldu zuten Orioko ontziola.

Ondare materialaren ikuspegitik, existitzen den plano bilduma onena Mutiozabaldarrena da. Jesus Maria Peronaren lana nabarmendu behar da. Plano asko berak aurkitu zituelako. Eta plano horietako ontzi gehienak Usurbilen eraiki ziren. Material hori Aquariumen jasota dago eta liburu bat ere bada argitaratua, Mutiozabal (Aquarium, 2014) izenekoa.

Mutiozabalen jatorria Mapilen ondoan zegoen, Uriberriko inguru horretan. Selma Haxley kanadiar ikerlariak euskal baleontzien hainbat aztarna Oñatiko artxiboan aurkitu zituen. Bertan jasoa dagoenez, ontziola horietatik oso itsasontzi handiak atera ziren. Ez bakarrik fragatak, baita merkanteak ere.

BEÑAT IBAIETA

“Ondare materialaren ikuspegitik, existitzen den plano bilduma onena Mutiozabaldarrena da. Eta plano horietako ontzi gehienak Usurbilen eraiki ziren”

Zu Beñat, Zumaiako Beduola elkarteko kide zara. Zuek ere bertako itsas ondarea berreskuratzeko ahaleginean ari zarete, ezta?

Beduola elkartea 2004. urtean sortu zen eta Beduan kokatuta zegoen ontziola babesteko eta balioan jartzeko jaio zen. Eta posible balitz, ontziolatxo bat sortu  usadiozko  ontziak konpondu edota berriak eraikitzeko. Urte hauetan guztietan Zumaiako Udalak lonja bat utzi digu. Tailer moduko bat daukagu bertan, konponketak egin eta ontzi berriak egiteko. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat gara, denak boluntarioak gara. Batelak konpondu eta uretaratzen ditugu, besteak beste.

Orioko Mutiozabalek edota Pasaiako Albaolak beste dimentsio bat dute. Azken honetan hogeitaka langile ari dira lanean. Lan ezberdinak egiten ditugu, baina denak ari gara itsas ondarea berreskuratzeko ahaleginean; denak ari gara ekarpen handiak egiten.

 

Orion Mutiozabal berreskuratu den bezala, Zumaian Beduako ontziola berreskuratzeko asmotan al zabiltzate?

Egitasmoa beti egon da. Beduola elkartea gehien bat Beduako ontziola berreskuratzeko asmoarekin eratu zen, toki horretan bertan tailer bat sortu eta ontziak berreskuratzeko.

XX. mendean Galarraga eta Urbieta enpresa aritu zen bertan lanean. 105 ontzi eraiki zituzten: baxurakoak gehienak, arraste-ontziak ere bai, ibairako ala eta gabarra batzuk... Zementuzko zutoinak eta zementuzko lonja bat mantentzen dira. 2006an egitasmo bat aurkeztu genuen udaletxean eta ordutik ez da berriro saiakera handirik egin. Jabego pribatua dago tarteko, beraz, ez da erraza.

 

“Interpretazio zentro bat eraikiko balitz, Usurbilek aisialdi eremu bat irabaziko luke. Gaur egun ez daukana”

NOAUA! Aginagan interpretazio zentro baten moduko zerbait egin liteke akaso. Bertako ondareari argia eman eta bestelako jarduerak sustatzeko balioko luke, ezta?

Beñat Ibaieta. Hasteko, ontziolen industria balioan jarriko luke. Usurbilgo historiaren eta kulturaren parte dena. Bada esaera bat antzekoa dioena, ezta? “Nondik gatozen jakitean jakingo dugu nora goazen”. Gure arbasoak nola aritzen ziren lanean ikasteko aukera paregabea eskainiko liguke. Horretaz gain, aisialdi eremu berri bat irabaziko luke Usurbilek, gaur egun ez daukana. Ibaiarekin eta Oriorekin adibidez, konexio polita zabaldu daiteke.

Modu jasangarri batean eginez, osagai interesgarri gehiago ere izango lituzke horrelako proiektu batek. Naturarekin harremana sustatuz, adibidez. Gure ontziak oso ontzi xumeak dira, edozein bazterrera hurbildu daitezke arraunekin, inguruko hegaztiak ikusi.... Beti ere errespetuz. Horrelako gune batek balio erantsia emango lioke Usurbilgo herriari. Ibaiari lotutako zerbitzu ezberdinak eskaintzeko aukera izango luke (aisialdia, kirola). Proiektu ederra litzateke.