Apirilaren 6an

Arantzazura oinez joateko txangoan izen-emateko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 30a, 08:34

Apirilaren 6an Usurbildik Arantzazura oinez joateko txangoan parte hartu nahi dutenek astelehenera arteko tartea dute izen-emateko aukera.

Mende laurdena bada gutxienez, irteera bat usadio bilakatu zutenetik. Udaberriko oporraldian, “Ostegun Santuan” Usurbildik Arantzazura oinez joateko ohitura dutenei buruz ari gara. Apirilaren 6rako antolatu dute 63 kilometro luze eta 2.700 metroko desnibela duen txangoa. Hitzorduan parte hartu nahi duten mendizaleek orain dute izen-emateko garaia; apirilaren 3a baino lehen, 662 039 829 telefono zenbakian.

Geldialdiekin
Aipatu moduan, apirilaren 6an, goizaldeko 4:45 aldera biltzen dira frontoi atzean. Aurten ere bai, 5:00etarako prestatu eta ibilaldiari ekiteko. Tarte horretan, egunaren amaieran Arantzazutik itzultzeko autobusean aldatzeko arropa utzi ahalko da. Ibilbidean zehar, zenbait geldialdi egiten dituzte; hala nola, Mandubian hamaiketakoa, Zumarraga parean arropa aldatzeko aukera, Legazpian bazkaltzeko geratzen dira eta Arantzazura helduta askari baten bueltan borobiltzen dute eguna. Xehetasun gehiago aurrerago emango ditu antolakuntzak. Momentuz, mendizaleon agendan apirilaren 6a Arantzazura oinez joateko hitzordua jasotzea nahi dute. Ibilbide luzeko ohitura honek usurbildarrak soilik ez, besteak beste, Tolosaldeako hainbat kide elkartu izan ditu. Informazio gehiago jaso nahi duenak, deitu dezala 662 039 829 telefono zenbakira.