Datozen jai egunon bueltan “Dantzaroan” murgilduko gara. Orbeldik bi asteburuko ekimen zikloa iragarri du datorren hilabete amaierarako; dantzari txiki eta helduen topaketa eta hamaikagarren ediziora iritsi den Dantza Eguna. Ekitaldiok hiru egunetan sakabanatzeko arrazoia azaldu diote antolatzaileek NOAUA!ri. “Bakoitzari bere tokia emateko”, eta bide batez, antolatzaileek prestaketa lanak bideratu eta dantza ere batera egitea egokitzen zaienez zenbaitetan, lasaitasun handiagoz jarduteko.
Ziklo hau hain zuzen, Orbeldirentzat urtean zehar egiten duten lanaren erakusleiho aproposa dela adierazi digute, baina horrez gain “kanpoko taldeekin harremantzeko” baita. “Garrantzitsua da ere inguruko herrietan zer egiten den berri izatea guk”.
Aurtengo Dantzaroa ere horretarako guztirako baliatuko dute noski. Hasteko, apirilaren 22 eta 23ko dantzari gaztetxoen eta helduen topaketak. Helduenerako Euskal Herri osoko taldeak gonbidatzen ahalegintzen dira hitzordu “anitzagoa, aberatsagoa” izan asmoz. Gaztetxoenean ere Gipuzkoako eskualdeetako taldeak erakartzen dituzte. Hainbat talderekin gainera elkartrukea sustatzen dute; Usurbilen bisitan izan ostean, Orbeldikoak dira gero taldeon herrietara joaten direnak.
Ikuskizun berreskuratua
Apirileko azken larunbatean ospatuko da 11. Dantza Eguna. Dagoeneko azken ukituak ematen ari dira bertan plazaratuko duten gau parteko ikuskizunari. Hilabeteotako prestaketa lanak errazago bideratu dituztela adierazi diote NOAUA!ri Orbelditik. Izan ere, pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zuten 2020ko edizioko ikuskizuna berreskuratu baitute, “aldaketa batzuekin”. Orbelditik orduan parte hartu behar zutenak gogoan hartu nahi izan ditu lerroon bidez. “Urte hartan dantzatu behar zuten horiei guztiei eskerrak. Lan bat egin zuten bere garaian, eskertzekoa da”.
Berrikuntzak izango dituzte aurtengoan. Dakizuenez, arte eszeniko ezberdinei tartea egiten diete gaueko ikuskizun honetan, herri eragile gehiagorekin sustatzen duten lankidetzaren ondorioz. Berrikuntzak iragarri dituzte antzerkiari eta musikari dagokionean. “Gure musika banda izan dugu urte luzez. Aurten gutxi batzuk errepikatuko duten arren, kide gehienak berriak izango ditugu. Eskerrak eman urteotan parte hartu duten guztiei, lan ikaragarria egin dute. Oso gustura gabiltza baita kide berriekin”, Orbelditik adierazi dutenez.
Gaueko ikuskizunaren aurretik, nork bere dantzarako trebezia erakusteko aukera izango du tranpaldo irekian. Egin beharrekoa honako hau da; abesti bat hautatu, koreografia plazaratzeko zerbait behar duten adierazi eta talde kide kopurua eta izena zehaztu. “Dantzarako modalitatea librea da”, adierazi dute Orbelditik. Hain zuzen, jakitun dira Orbelditik kanpo ere beste dantza modalitate batzuetan jarduten dutenak badirela herrian eta egiten dutena erakusteko “plaza ez dutenak”. Horretara animatzen dituzte “ez soilik haurrak, baita gazteak eta helduak ere. Animatu!”.
Dantza Eguna kalejira berritu batekin abiaraziko dute. Oraingoan Kalezartik hasiko dute dantza giroa “auzoetara zabaltzeko”, eta Kantu Taldea bidelagun dutela. Hartara, “auzotik herrira ekarriko dugu dantza giroa”. Segidan kantu bazkariaren bueltan bilduko dira aurten. Txartelak egunotan jarriko dituzte salgai. Auzoak aipatuta, “Dantzaroa” Kaxkotik kanpora eremu gehiagotara zabaltzeko, gaueko ikuskizunaren azken entsegu saio orokorra Aginagan egingo dute apirilaren 22an.
Dantzaroa
Apirilak 22, larunbata: 5. Helduen Dantzari Topaketak
11:30 “Hala bazan!” emanaldiaren entsegu orokor irekia Aginagako frontoian.
17:30 Dantzarien argazki ofiziala udaletxean eta kalejira hasiera. Taldeak: Orbeldi, Ortzadar, Arantzarte, Haize Dulantzi.
18:30 Emanaldi nagusia frontoian.
00:00 Erromeria Iratzar taldearekin frontoian.
Apirila 23, igandea: 4. Dantzari Txiki Eguna
11:00 Dantzarien argazki ofiziala udaletxean eta kalejira hasiera. Taldeak: Egape, Jalgi, Ereintza, Murixka, Alkartasuna eta Orbeldi.
13:00 Emanaldi nagusia Usurbilgo frontoian.
16:30 Erromeria Elizagoien ahizpen eskutik Artzabalen.
Apirilak 29, larunbata: 11. Dantza Eguna
12:00 Kanta eta dantza kalejira, Kalezarko Felix Aizpurua plazatik hasita.
14:30 Kantu-bazkari irekia Udarregiko jantokian. Txartelak salgai Artzabalen, Txirristran eta Orbeldik ere salduko ditu.
18:00 Tranpaldo irekia Artzabalgo frontoian.
Izen ematea: usurbildantzan@gmail.com helbidera idatzi.
22:00 “Hala bazan!” ikuskizuna frontoian.
Ondoren, otarraren zozketa.
00:00 Erromeria Bide Batez taldearen eskutik, Mikel Laboa plazan.
Antolatzailea: Orbeldi dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.