Atzo egun osoz egon ginen moduan, ostegun honetan ere, martxoaren 30ean, abisu horian izango gara baso sute arriskuagatik, eguerdiko 12:00etan hasi eta gauerdira arte. "Baso-sute arriskua handia da, batez ere Kantauri isurialdean, hegoaldeko haizearen indarragatik, tenperatura altuagatik, hezetasun baxuagatik eta landareriaren lehortasunagatik", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Gainerakoan giro eguzkitsua gaur ere Usurbilen. "Hodeiak eta ostarteak. Haizea noraezean ibiliko da. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira". Aldaketa biharko. Ostiralean, "zerua hodeitsu egongo da eta zaparradaren bat bota dezake, batez ere arratsalde-gau partean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak nahikoa jaitsiko dira". Larunbatean, "goizetik aurrera goibel eta euritsu. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da; arratsaldean indartu egingo da, bolada gogorrekin. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus