Nerea Zinkunegiren sortze lanen erakusketa bisitatzeko aukera Txokoalden

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 30a, 08:31

Nerea Zinkunegik pintura erakusketa zabaldu du Txokoaldeko Txokoargin, martxoaren amaierara arte. Azken hilabeteetan egin duen lanaren berri eman digu eta, bide batez, proiektuan laguntzeagatik eskerrak eman nahi dizkie Felitxu Lorenzo, Nagore Leoz, Irati Migel, Placeres Lorenzo eta Eli Udaberi.

NOAUA! Erakusketa zabaldu berri duzu Txokoargin. Noiz arte egongo da bertan?
Nerea Zinkunegi: Martxoaren 31 bitartean egongo da ikusgai. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik goizeko 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, astearteetan izan ezik; yoga klasea izaten baita arratsaldean.

Erakusketa nola definituko zenuke?
Pintura erakusketa bat da. Margotzen hasi nintzen ekaina erdialdean psikologoak hala gomendatu zidalako eta pixkanaka gustua hartu nion lanari. Erakusketan jarri ditudanak urritik hona egindako lanak dira. Ez ditut lanak ordena jakin batekin egiten, posible da batzuetan sei pintura batera egiten aritzea ere. Bat lehortu bitartean beste bat hasten dut eta ondoren, gorputzak zerbait ezberdina eskatzen badit, berri bat hasten dut. Batzuk asko kosta zait bukatutzat ematea eta beste batzuk berriz segituan ikusi dut amaituta daudela. Batzuetan bukatutzat ematen dut koadro bat, baina hurrengo egunean begira jarri eta zerbait falta zaiola iruditzen zait edo zerbait sobera duela.

Ideia argi batekin hasten zara koadroak pintatzen edo zeure buruari nahi duen bezala espresatzen uzten diozu?
Pintatzen hasten naiz pintatzeagatik. Papera zikintzen hasten naiz kolore batekin eta ea zer ateratzen den. Batzuetan hiru koadro batera hasten ditut kolore berarekin, baina gero kolore aukeraketa ezberdinak egiten ditut eta horrela osatzen ditut pixkanaka koadroak.

 

“Koadro guztiak ‘gouche’ teknikarekin margotuta daude”
NOAUA! Teknika mistoa erabili duzu koadro guztietan?
Nerea Zinkunegi: Koadro guztiak gouache teknikarekin margotuta daude. Pintura mota bat da urarekin nahastu beharrekoa. Arkatz margoa ere sartu diet pintura guztiei, eta hori beste teknika bat denez, koadro guztiak teknika mistoz eginda daude. Beti gouache-arekin hasten naiz beti eta gero, arkatz margoekin pintatzen dut. Batzuetan ondoren gainetik gouache-arekin ematen diot eta azpikoa borratzen dut. Ez dauka ordena jakinik.

Salgai dauden koadroak dira, ezta?
Bai, batzuk jada salduta daude edota oparitarako emango dizkiet lagunei. Apirila eta maiatzean Bilboko Bizitza tabernan erakusketa bat jartzekoa naiz, eta beraz, erakusketa honetatik koadroren bat badaukat bertan jarriko dut. Sormen lan berriak ere egin ditut eta Bilboko erakusketa horretarako lanean ari naiz orain. Ez da oso taberna handia, baina bi hilabeteko lana izango denez, aukera batzuk izan nahi ditut. 

Pinturaz gain, bestelako arte plastikoekin ari zara?
Astelehenetan zeramika egitera joaten naiz eta oso gustura nabil. Han beste mota bateko proiektuekin ari naiz lanean. Txokoargirako logotipoa egin 
nahian gabiltza bertan. Uholdeek ekarritako leiho batean jarri nahi dugu zermikaz eginiko logotipoa. Azken uholdeen ondorioz, leiho bat ekarri zuen urak Txokoaldera. Oso leiho zaharra da eta ez dakigu oso ondo nondik atera den edo noizkoa den. Oso-osorik dago, baina lau zulo ditu eta horiek bete nahi ditugu zeramikarekin. Txokoargiko kanpoko horman jarri nahi dugu behin amaitu ostean.



Nerea Zinkunegi: “Gaitasunak denok ditugu”

NOAUA! Udarregi Ikastolako plastikako irakaslea zara urte luzez. Orain arte geroz eta serioago hartzen dela esango zenuke?
Nerea Zinkunegi: Nik uste dut oso kontu kulturala dela, hau da, ez dela ikasleek daukaten sentsazio bat bakarrik. Etxean ere askotan arlo hauei ez zaie garrantziarik ematen. Guraso eta ikasleek ez dute berdin sentitzen plastika edo matematika ez gainditzea. Kasuak kasu, baina guraso gehienek pisu gehiago emango diote matematikako suspentsoari, plastikakoari, musikakoari edo etikakoari baino. Aipa ditudan hiru arlo hauek niretzat pisu berezia duten alorrak dira. Gizartean edo kulturan ez dute pisu hori, eta hori horrela zen gure garaian eta horrela izaten jarraitzen du gehiengoarentzat. Guraso batzuk badaude Arte Ederrak ikasitakoak edo ikasleak horretan ikusten direnak, baina gutxiengoa da.

Hezkuntzan ere garrantzia falta hori nabari dela uste duzu instituzioen aldetik?
Hezkuntzan urte dezente badira aukerako arlo ugari eskaintzen: ikus-entzunezkoa, antzerkia... Udarregin urte asko daramatzagu eskaintza horiek egiten. Aukerakoak dira eta horrek nolabait pisua kentzen die. Ez dut uste pisurik ez duten arloak direnik, ematen ez zaielako dira horrela eta ezer egin ezean horrela jarraituko dute. Suspentso batengatik guraso edo ikaslerik ez zait behin ere kontu eske etorri; ezin dute hori esan, ordea, matematikako irakasleak, naturakoak edota gizartekoak, adibidez. Nik iskanbilarik ez dut izaten notei dagokienean.

Nola saiatzen zara transmititzen arteari diozun maitasun hori? 
Gaitasunak denok ditugu, batzuk gehiago izango dituzte arlo batzuetarako eta besteek beste batzuetarako. Pasioa transmititzea ez da erraza, irakaskuntzan ere nota bat jartzera behartuta gaudelako eta programazio bat bete beharra daukagulako. Zorionez, arlo hauek badute askatasun gehiago programazio propio bat sortzeko minimo batzuk kontuan hartuta. Material oso egokia dago gaur egun arlo hauek lantzeko. Ikastoletako Ekhi proiektuan lanean diharduten pertsona horiek ere, izugarrizko lana egiten ari dira material berria moldatzeko. Ikasleek beste arlo gehienetan bezala Chromebookarekin lan egiten dute, ariketa batzuk prestatuta daude... Diseinurako programa ederrak daude. Eskuz ere lan egiten dugu marrazketa edo dena delakoa lantzeko.

DBH4n sentimenduen kaxa dauka ikasle bakoitzak eta lan bat egin behar du idatziz ondo hausnartuta, eta ondoren, kaxa hori plastikoki landu behar du ideia hori ondo plasmatzeko. Gero, denei erakusten diete egin duten lana eta azaldu egiten diete beraien kaxa zergatik den horrelakoa. Ikasle batzuentzat oso interesgarria da, baina beste batzuentzat ez. Hori arlo guztietan bezala.

“Gozatzen ari naiz pinturarekin”
NOAUA! Arte Ederrak ikasi nahi dituzten ikasleak ere izango dituzu noizbehinka.
Nerea Zinkunegi: Bai, baditut ikasketa horiek egin dituzten ikasle ohiak eta gaur egun ere badaude ikasleak arteak erakartzen dituena. Nik ere ikasketa horiek egin nahi nituela esan nienean gurasoei 
harritu egin ziren, baina asko lagundu zidaten. Ikasketa garestiak dira batetik Leioako Campusean dagoelako, eta beraz, hara joan behar izan nuelako bizitzera. Eta bestetik, materiala erosi behar da lan egin ahal izateko. Gurasoentzat esfortzu handia suposatu zuen, baina babes guztia eman zidaten.

Ikasketak amaitu eta berehala hasi zinen Udarregi Ikastolan lanean?
Ikasketak amaitu eta hurrengo urtean Udarregin hasi nintzen lanean eta bertan daramatzat 25 urte. Bitarte horretan pintatu gabe egon naiz. Irakasle lanez gain, bestelako lanak eta ardurak ere izan ditut ikastolan eta pintatzea erabat aparkatuta neukan. Pintatzeko beste patxada bat behar da. Bolada luzea daramat bajan eta pintatzea oso ondo etortzen zait. Oso gustura nabil eta benetan gozatzen ari naiz pinturarekin.