Jolaserako eta mugimendurako espazio berri bat izango du Usurbilek; oraingo hau, garai bateko hilerrian. Egitasmoa Usurbilgo Udalak eta Udarregi ikastolak sustatu dute, sinatua zuten lankidetza hitzarmenaren baitan. Lanak Arabako Lurkoi enpresak bideratu ditu. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko 5.000 euroko dirulaguntza jaso du egitasmoak. Elementuok jarri dituzte hain zuzen, "kalistenia, bi zutabedun txirrista, aire-birakaria eta zabua". Horrekin batera, "ikasleek eta irakasleek klasean txukundutako bobinak ondoan jarrita daude, eta, jolaserako ez ezik, elkargune eta atseden-gunea ere bada. Eta, bestetik, klaseak kanpoan emateko bi gune ere badaude, bankuak borobilean jarrita, hori ere ikastolak eta udalak elkarlanean jarrita", Udalak zehaztu duenez.
Hausnarketa eta lanketa prozesu baten emaitza da egitasmo hau. "Ikastolaren komunitatea, azken urteetan, kanpo espazioaren erabileraren eta genero berdintasunaren inguruko hausnarketa etengabean ari da, eta horren ondotik sortu da espazio berria". Hainbat helbururekin. "Batik bat, ikastolan eta ikastolatik kanpo ikasleei ohitura osasuntsuak hartzen laguntzea eta aisialdia modu aktibo eta osasuntsuan antolatzeko baliabideak ematea. Horrez gain, neska eta mutilen arteko espazioen banaketa orekatzea eta ikasleen beharretara egokitutako jarduerak proposatu eta gauzatzea izan dute helburu, pantailen gehiegizko erabilera murriztu eta kanpoan jarduera fisikoa egiteko guneak sortzearekin batera", Usurbilgo Udalak azaldu duenez.
Bi eremu ikastolan
Ikasleekin eginiko lanketa prozesuaren baitan haiek jakinarazitako behar eta ekarpenetatik abiatuta, "gurasoz eta irakaslez osatutako kanpo espazio taldeak bideratu du proiektua. Lantalde horrek, hain zuzen, LH4-DBH4 adin tarteko ikasle eta irakasleei galdetegi bat pasatu zieten, eta jasotako emaitzetan garbi ikusi zuten ikasleek mugimendu beharra zeukatela".
Hortik sortu da hilerri zaharreko gune berria eta patio borobileko rokodromoa. Biak ala biak sortzea proposatu zuen Udalak, "izan ere, udal-gobernuak Legealdiko Planean jasoa zuen, 113. neurrian, nerabeek eta gazteek espazio publikoetan biltzeko duten beharrei erantzuteko espazioak egokitzeko proposamena". Guztira, 13.000 euroko inbertsioa bideratu dute. Jaurlaritzaren dirulaguntza kenduta, bai udalak baita ikastolak ere lau mila euroko ekarpena egin du bakoitzak. "Udalak, ekarpen ekonomikoa egiteaz gainera, lurra, goma, hormigoizko zola eta eskulana jarri ditu".