"Gonbidatuak zaudete gurekin elkartzera"

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 31a, 08:53

Iazko egun gogoangarriaren ostean, herri giroa gogotik piztera bueltan datoz lerrootako protagonistak. Larunbat honetan, apirilaren 1ean gure artean izango ditugu berriz, Iruñeko San Ferminetan festarako gogoa sustatzen aritzen den Peña Alegriako kideak, txaranga eta guzti. Haien parranda giroarekin bat egitera animatu gaitu bilguneko kide Goizeder Biurrunek.

NOAUA! Nola aurkeztu zenezake Peña Alegria?
Goizeder Biurrun: Ez da soilik San Ferminetako bilgune bat, ente sozial bat gara baita. Hainbat ekintza antolatzen ditugu urtean zehar: mendi irteerak, hitzaldiak, Euskal Astea, sagardotegiko irteera, eta beste hainbat ekimen.

San Ferminei soilik ez beraz, Iruñea hiriari ere oso lotuak zaudete.
Egoitza Jarauta kalean dugu. Kale horretan badaude beste peña batzuk. San Ferminetan beste halako bilguneen antze- ra, erreferente bat gara. Azken finean, San Ferminetan peña guztiak erreferenteak dira.

Zer lirateke Iruñeko jaiak zuena bezalako talderik gabe?
Ez dakit, ez dugu inoiz ikusi. Une hori inoiz ez heltzea espero dugu.

Aurtengoari begira, prestaketa lanetan ariko zarete?
Bai. Batzordearen bilera dugu laster eta San Ferminak prestatzen hasiko gara. Lan asko dago egiteke.

Zein da zuen urteko dinamika?
San Ferminetan, adibidez, Bazkide Eguna antolatzen dugu. Aurten ez dakit oraindik zer egunetan egingo dugun. Gero, urtean zehar, lehen aipatutako ekintza ezberdinak egiten ditugu. Beti lanean gaude.

70 urte bete dituzue. Ospatu al duzue urtemuga?
Iruñeko sagardotegi batean ospatu genuen bazkide gehienekin, bazkari on batekin. Gero txarangarekin Iruñea aldetik bueltatxoa eman genuen, beti bezala giro ezinhobean, musikaz girotua.

Iruñetik kanpo ere ibiltzen zarete. Iaz, Usurbilen izan zineten bisitan lehen aldiz. Nolatan sortu zen hona etortzeko aukera?
Txotx denboraldian jendea beti Hernani eta Astigarraga joaten da. Herriotako bizilagunek larunbatero jende mordo batekin bizi behar zuten txarangekin. Ikusi genuen ez zela erosoa bertan egotea. Beste norabait joatea erabaki eta Usurbil aukeratu genuen. Bete-betean asmatu genuen, herriko jendeak oso harrera ona egin zigun. Aurten esperientzia errepikatuko dugu.

Apirilaren 1ean etorriko zarete. Zer plan duzue egun horretan?
Oraindik ez dugu guztiz zehaztu zer egingo dugun, baina iazkoaren antzekoa izango da. Bueltatxo bat emango dugu Igandea izeneko Iruñeko txaranga gaztearekin, bermuta hartuko dugu eta gero bazkaltzera joango gara Usurbilgo sagardotegi batera. Arratsaldean herrira itzuli eta txarangarekin eta jendearekin bueltatxoa emango dugu giro paregabean.

Pankarta eta guzti zatozte?
Bai, apirilaren 1ean pankartarekin joango gara Usurbilera. Hori ez da faltako, ezta txaranga ere.

Usurbildarrok zuekin parranda giroan murgildu ahalko dugu?
Arazorik gabe, gu pozik gainera. Gonbidatuak zaudete gurekin elkartzera.