"Azkenean", adierazi dute Etxerat-ek eta Sarek egunotan agerraldi bidez. "Ia 35 urte eta gero esan dezakegu urruntze politikaren amaiera iritsi dela, azkenean lortu dugula, behingoz iritsi dela Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzeko egin den lan nekaezinaren emaitza. Amaitu egin da izugarrizko sufrimendua eragin duen aro latz hau".
Hamarkada hauetan guztietan bidelagun izan dituztenak eskertu nahi izan dituzte. "Zorionak modu batean edo bestean beren ekarpen handia nahiz xumea egin duten guztiei, denon artean lortu baitugu aspalditik eta biziki espero genuen helburua: urrunketaren behin betiko amaiera". Gogoan hartu dituzte baita, sakabanaketak eragindako ezbehar eta heriotzak. "Milaka kilometro egin ditugu, dozenaka istripu gertatu dira, milatik gora zauritu egon dira, eta ezin dugu ahaztu 16 pertsona gelditu direla bidean. Gaur, doakiela haien senideei gure besarkadarik estuena. Une honetan oso gogoan ditugu bai errepidean hil direnen senideak eta bai presoen senide eta gertukoei motxila astunaren zama arintzen lagundu dieten guzti-guztiak: autobus gidariak, Mirentxineko boluntarioak, Frantzian eta Espainian bidaietan eta bisitetan laguntzeko prest egon diren lagunak eta elkartasunez jokatu duten herritar guztiak".
Urruntze politika amaitutzat eman arren, fase berri batean murgiltzeko deia egin dute bi eragileok. "Guk argi daukagu: orain, legeak zehazten duen ibilbidearen baitan, presoen etxeratze prozesuan eragin behar dugu. Presoek dituzten oztopoak bidetik kentzeko eta lege arrunta aplikatzeko eskatu behar dugu".
Testuinguru honetan deitu du Usurbilgo Sarek, hilero moduan, martxoko azken ostiral honetarako elkarretaratzea; ohi bezala, gaur arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.