"35 urte eta gero amaitu da izugarrizko sufrimendua eragin duen aro latza"

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 31a, 20:29

Etapa baten amaiera irudikatu du, Usurbilgo Sarek ostiral arratsalde honetan Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean.

"35 urte eta gero amaitu da izugarrizko sufrimendua eragin duen aro latza. Bukatu da euskal presoen sakabanaketa eta urrunketa. Azkenean lortu dugu, iritsi da euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko egin den lan nekaezinaren emaitza", adierazi dute deitzaileek mobilizazioaren amaieran. 

Une honetara heltzeko bidelagun izan dituztenak eta haiek guztiek eginiko ahalegina nabarmendu nahi izan dute. "Gaur gauzatzen ari garen bezalako ehunka mobilizazio burutu izan ditugu dispertsioa behin betiko bukatzea eskatuz, kaleak bete ditugu hamaika bider aldarrikapen horren atzean. Ezberdinekin egon gara, adostasun zabalak erdiesteko hamaika ahalegin eginez, eta azkenean gehiengo sozial, politiko eta sindikal bat ere egon da lan horren atzean". 

Ondorio latzak
Sakabanaketak eragindako ondorio bidegabeak ere gogoan hartu dituzte. "Oso gogoan ditugu errepidean hil diren 16 senide eta presoen gertukoak. Gogoan ditugu baita ere erbestean eta deportazioan hildako guztiak. Gaur, doakiela haien senideei gure besarkadarik estuena". 

Euskal Herritik kanpoko espetxeetan dispertsaturiko presoak bisitatzeko bidaietan lagundu dutenak ere ahotan hartu dituzte. "Presoen senide eta gertukoei motxila astunaren zama arintzen lagundu dieten guzti-guztiak ere gogoan ditugu gaur; autobus gidariak, Mirentxineko boluntarioak, Frantzian eta Espainian bidaietan eta bisitetan laguntzeko prest egon diren lagunak eta elkartasunez jokatu duten herritar guztiak". 

"Aurrera egin dezagun beraz"
Etapa bat amaitu da bai, baina orain arteko bidea ez da hemen amaitzen Usurbilgo Sarek gogorarazi duenez. "Lanean jarraituko dugu, harremanak sustatuz eta aktibazioa bilatuz, plazak betez eta gure aldarrikapenak lau haizeetara zabalduz. Soilik horrela lortuko dugulako euskal presoei lege arrunta aplikatzea eta salbuespenezko legedia desagerraraztea".

Oraindik orain gauzatzeke dauden hainbat erronka marraztu dituzte. "Emakume presoek pairatzen duten zigor soziala, pertsonala eta penala salatzeko kalera atera ginen martxoaren 8an. Bestetik, aro berri honetan euskal presoek oraindik orain jasaten dituzten eskubide urraketak salatzeko eta etxerako bidea egiteko dituzten oztopoen salaketak egiteko etxera egunak gauzatzen ari dira han eta hemen. Bihar, bestalde, apirilak 1, dispertsioaren eraginez hildako senideen memoria aitortu eta erreparazio ofizialaren norabidean aurrerapausoa egitearren, ekitaldia gauzatuko da Donostian".

Testuinguru honetan, beraz, jorraturiko bidean aurrera egiteko deia egin du Usurbilgo Sarek. "Aurrera egin dezagun beraz. Etxera lelopean, azken urteetan egin dugun bide beretik, lanean jarraitu behar dugu etxerako bideari bukaera eman arte".