Amaitu da azken hilabetean jokoan izan den Agiña Winter Series pala txapelketa. Bukatu orduko, hurrengoa abiatuko da, udalerri mailakoa. "Badator Usurbilgo Pala Txapelketa", iragarri dute antolatzaileek. Usurbilgo jaien hasierara arte luzatuko den ekimenerako izen-ematea zabaldu dute dagoeneko. Inskripzioak apirilaren 9a baino lehen bideratu beharko dira, Txiribogan jarrita egongo den orrialdean. Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu.
Araudia
Parte hartzeko hainbat arau finkatu ditu antolakuntzak. Hasteko, "txapelketaren formatua izen-emate kopuruaren araberakoa izango da", ohartarazi dute. Lehenbizi ligaxka modukoa jokatuko dute, eta ondoren, kanporaketei tartea egitea aurreikusia dute. Binaka jokatuko den txapelketa izango da. Jokalariek 16 urte izan beharko dituzte gutxienez. Bikoteko batek behintzat Usurbilen erroldatua egon beharko du, eta gehienez, bakarra izango da palan federatua. Horrez gain, "bikoteko batek ezingo balu jokatu, ordezko batek jokatu ahalko luke (txapelketan parte hartzen ari ez den norbait). Bikoteko biak ezingo dira ordezkoak izan, bestela 22-0 galdutzat emango da partida".
Txapelketako neurketei dagokienez, partidak "kantxa osoan jokatuko da. Sakea lautik laura" izango dela ohartarazi dute antolatzaileek. Neurketak "ostegun eta ostiral iluntze eta gauetan jokatzea aurreikusten da". Azken partida, finala alegia, ekainaren 29an izango da, Usurbilgo festen baitan.