Poza eta parranda giro bizia ekarri dute Iruñeako Peña Alegriakoek

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 1a, 21:17

Iruñeako Peña Alegriako kideak bisitan izan ditugu larunbat honetan Usurbilen.

Iaz Usurbil hautatu zuten sagardotegira joateko egunpasako udalerri gisa. Ezinhobeto bizi izan zuten txotx bolada betean egin zuten irteera, eta ez dute bitan pentsatu; Usurbilera itzultzea erabaki dute. Larunbat honetan, apirilaren lehen egun honetan, Iruñeako Peña Alegriako kideak bisitan izan ditugu. Ongietorri ederra egin diete eguerdi partean Zendoian eta handik abiatu dute gero, Igandea txaranga gaztea eta pankarta aldarrikatzailea bidelagun, herrian barrena egin duten kalejira eta poteoa.

Ateri hasi dute Kaxkoko bira. Sagardotegira joan aurreko kalejirako azken txanpa euritan egin behar izan dute, baina prezipitazio ugariak ez ditu inondik inora kikildu, ezta parrandarako giroa zapuztu ere. Gau partera arte gure artean izango dira. Nahi duenak badaki, batu dadila ekarri diguten jai girora.

Irudiotan ikus dezakezuen moduan, ziur, ez da amaituko herri honekin sortu duten harremana aurtengoan. Bigarren bisitak hirugarrena ekarriko du 2024. urtean.