Zero Zabor Ziurtagiria

"Udalak eta herritarrek eskutik egindako lanaren aitortza garrantzitsua da"

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 3a, 15:25

Lau izarreko Zero Zabor Ziurtagiria jaso du Usurbilgo Udalak, gai honi buruz gaur Potxoenean egindako jardunaldian.

Usurbilgo Udalak eskuartean du lau izarreko Zero Zabor Ziurtagiria. Gaur jaso du ziurtagiria bere sustatzaileen eskutik, gai honi buruz Udalak berak eta Hobeki hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkarteak, Zero Waste Europe mugimenduarekin batera Potxoenean antolatu duten jardunaldian.

Mugimendua bera sortu zen Italiako Cappanorirekin batera Europan hainbeste izardun dokumentua eskuratzen aitzindaria da herri hau. Udalerri honek hondakinen arloan azken hamalau urteotan egindako ibilbidea goraipatzen du. "Udalak eta herritarrek eskutik egindako lanaren aitortza garrantzitsua da. Balioa ematen dio egindako lanari", adierazi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak ziurtagiri honi buruz, goizean Potxoenean egin duten jardunaldian. 

Aditu gonbidatuen eskutik, ziurtagiri honen nondik norakoak ezagutarazi eta komertzio zein enpresek ere eskura dezaketela nabarmendu dute. Hasteko, sarrera moduan, alkateak berak ziurtagiri hau eskuratzea ahalbidetu duen ibilbideko mugarri garrantzitsuenen errepasoa eta balantzea egin du. Gogoan izan, 2009. urteko martxoaren 16an ohitura aldaketa txiki batek, gaikako bilketaren ehunekoa irauli zuen; hilabete gutxiren buruan, %30etik beherako birziklatze tasatik %80tik gorakoa izatera igaro zen udalerri hau. Hortik aurrera, pixkanaka beste hainbat urrats ematen joan da Usurbil; 568 familia aritu eta urteko 151 tona konpost sortzea ekarri duten auto nahiz autokonpostatze esperientziak edota baserriko konposta herrian bertan kudeatzeko iaztik abian duten egitasmoa abiaraztea; hondakinen industrialen bilketa; errefusari aplikaturiko sortzez besteko ordainketa eta hondakin zati hau astero biltzetik bi astean behin jasotzera igarotzea; Kilometroak jaialdian sustatu zen hondakinen kudeaketa eredua, EAE-ko Hondakinen Prebentzio Astearen baitan proiektu finalista izan zena; edota Usurbil 0.0 hondakinen kudeaketa eta prebentzio programa martxan jartzea.

Bide luze eta emankor honek ekarri du, egun, %87 pasatxoko gaikako bilketa izatea edota atez ateko bilketa sistema ezarri aurretik 1.921 tona isurtzea zabortegietara eta egun 391 tona. Bistan denez, alkateak gaineratu du, alor honetan aitzindari izaten segitzen duela Usurbilek. Jasotako ziurtagiriak egindako lana aitortzeaz gain, hasitako bide horretan hobetzen eta "sakontzen segitzeko aukera" eskaintzen du.


Usurbil 0.0 programarekin bat
Udalerri honek jasotako Zero Zabor Ziurtagiria eskuratzeko prestaketa lanen berri eman du gaur goizeko Potxoeneko jardunaldian, bestalde, Usurbilgo Udaleko ingurumen teknikari Ibon Goikoetxeak. Iaz hasi zuten lanketa prozesua, udal barneko hausnarketarekin ziurtagiri honekin bat egin ote zezaketen deliberatzeko. Baietz ondorioztatu zuten. "Usurbil 0.0 programarekin bat egiten du bete-betean", adierazi du udal teknikariak gaurko jardunaldian. Aurrera jotzea erabaki zuten, eta gogoan izango duzuen moduan, otsaileko osoko bilkuran ziurtagiri honi atxikitzea erabaki zuten. Auditoretza bat egin diete Rezero eta Amigos de la Tierra erakundeek eta datozen hiru urteotarako lau izarreko ziurtagiria jaso du herri honek. Ziurtagiriak Usurbil "Europan eta mundu mailan" kokatu duela gogorarazi du Goikoetxeak.

Ziurtagiriko lau izarrak hiru arlotan egindako lanagatik jasotako puntuazio kopuru batek zehaztu du: oinarriak eta prestaketa lanak, ezarpenak eta inpaktuak eta komunikazio lanak. Eta horren guztiaren baitan, besteak beste, kontuan hartu dute hondakin zati guztien karakterizazioa nola egiten duen herri honek, zer plangintza duen, zer baliabide dituen, gaikako bilketan nahiz prebentzioan eginiko ahalegina...

Hobetzekoak
Lau izarreko zero zabor udalerri izatera heltzeko orain arteko bidea emankorra izan den arren, "Udalak badu zer ikasi eta hobetua" hondakinen bilketaren kalitatean eta prebentzioan, edota klima aldaketa eta garapen jasangarriari dagokionean esaterako, eta horretan guztian lerrootan mintzagai dugun ziurtagiria lagungarria izango delakoan dira. 

Etorkizunera begirako zenbait erronka mahaigaineratu ditu udal teknikariak. Batetik, "fiskalate berdea" aldarrikatu du, egun "ondo birziklatzea oso garesti" kostatzen den Gipuzkoarako. Erreusaren %60a kale garbiketatik jasotzen denez, xurgatzeaz gain, hondakinak gaika biltzeko gai den "barredora" izatea ere zer lagungarria litzatekeen ere adierazi du. Egun, errefusarekin nahasten den hondakin sanitarioengan ere arreta jarri du. Azkenik, biohondakina herrian bertan kudeatzeko Usurbilek abian duen bidean sakontzea ere komenigarritzat jo du.