Zero Zabor Ziurtagiria

"Harro sentitu zaitezte, onenekin ari zarete lehian"

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 3a, 15:15

Herri hau zero zabor norabidean egiten ari den bideagatik zoriondu eta harro sentiarazteko deia egin du udalerri honek jaso berri duen ziurtagiriaren harira, bere sustatzaile Mission Zero Academyko ordezkaritzak. Gai honi buruz Potxoenean goizean egin duten jardunaldian izan dira.

"Harro senti zaitezte, onenekin ari zarete lehian", hala adierazi dio herri honi Zero Waste Europe mugimendutik bultzatutako Mission Zero Academyko estatu espainiarreko, edo bestela esanda, estatu horretako zero zabor ziurtagiriaren koordinatzaile Daisee Aguilerak, gaur goizean aipatu ziurtagiri horri buruz Potxoenean egin duten jardunaldian. Udalerri honek egindako lanaren aitortza da bere esanetan, berriki Usurbilek jaso duen lau izarreko izendapena.

Bide horretara erakunde gehiago batzeko ahaleginean dihardutela gaineratu du. "Udalerriak ahaldundu nahi ditugu". Mission Zero Academy hain zuzen, zero zabor estrategietan eta ekonomia zirkularraren eredua inplementatzeko ahalduntzea eta formazioa eskaintzen ditu. 

Ildo horretan, ziurtagiri honek udalerriei ematen dizkien onurak nabarmendu ditu Aguilerak. Batetik, garrantzitsutzat jo duen ingurumenaren eta osasunaren zaintza. Baita udalerri bat zero zabor norabide horretan eginiko lana ikusgarri egitea nazioartean, udalerriaren irudi baikorraren proiekzioa, arlo honetan dauden bestelako esperientzien ezagutza izatea eta norberarena gainerakoekin partekatu ahal izatea, edota udalerriaren errentagarritasunean eragitea. 

Gainera, Europa mailako sare zabalago baten kide izateko aukera eskaintzen du. Egun, 28 herrialdeetako 460 udalerrirekin lankidetzan ari dira. Hortxe txertatu da orain Usurbil, punta-puntako udalerrien sailkapen buruan. Zero zabor mugimendua sortu zen Italiako Cappanoriren pare da lau izarrekin (bost izar eskura daitezke gehienez, ziurtagiri honekin). "Zorionak eta lanean segitzera animatu. Eredu zarete eta eskertzekoa da", adierazi du Aguilerak Potxoenean. 

Ziurtagiria lau pauso errazetan eskura daitekeela azaldu du: hasteko, udalerriak ziurtagiri honen sustatzaileekin hartuemanetan jarri behar du, gero hautagaitza aurkeztu eta ekintza plana prestatu. Azkenik, bi urtez udalerriak auditoriarako beharrezkoak diren datuak bildu behar izaten ditu eta ziurtagiria jasotzen da.



Entitateak ezinbesteko bidelagunak
Erakundeak edo kasu honetan, administrazio publikoa soilik ez, enpresei ere ziurtagiri hau eskuratzeko gonbita egin diete gaurko Potxoeneko jardunaldian. Administrazio publikoarentzat soilik ez, tamaina ezberdinetako entitateek, lantokiek, eta konkretuki, herri merkataritza eta ostalaritza sektoreak ziurtagiri hau eskuratzeko lanean dihardute programa horren sustatzaileek. Horri buruzko xehetasunak eskaini ditu, hitzordura gonbidatu duten Mission Zero Academyko zuzendari Kaisa Karjalainek. "Enpresek ere dagokien zatia egin behar dute. Haiek gabe" zioenez, ezinezkoa litzateke Usurbilen eskuratu diren emaitza onak izatea. 

Haientzat ziurtagiri honen sustatzaileek, adituen laguntza eskaintzen dute: formazioa, komunikazio materiala sortzea, zero zabor estrategia definitu edo plana eguneratzea; ekintza garrantzitsuenak, praktika onak, irtenbideak edota interes taldeak identifikatzea.... Udalari emandako ziurtagiriko irizpide orokorrez gain, sektore honi begirako irizpide zehatzagoak ere finkatuak dituzte.

Beraz, ezin aukera hobetzat jo dute enpresek ere ziurtagiri hau eskuratzea, "oso aukera ona da", entitateok zero zabor norabide horretan eginiko lana aitortu eta egiaztatzeko. "Haientzat oso baliagarria izan daiteke ziurtagiria", nabarmendu dute. Usurbilgo enpresa, ostalari eta merkatariak ziurtagiria eskuratzera animatu dituzte.