Iñorkiñak, San Josetako trikiti jaialdian

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 3a, 11:41

Martxoaren 18an Azpeitian egin zuten jaialdiaren baitan herriko taldeak eskainitako emanaldia asteburuan ikusgai izan da Euskal Telebistan.

Trikiti jaialdi ezaguna da urtero, martxoaren erdialdean Azpeitian antolatzen dutena. 33. ediziora iritsi den ekimenean "trikitixa eta infernuko hauspoa ardatz, belaunaldi ezberdinetako trikitilariak, estilo eta konbinazio ezberdinetako taldeak" biltzen ditu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. "Aurten ere izango ditugu gure belarrientzako gozagarri, doinu eta aire berriak", aurreratu zuen martxoaren 18an aipatu Urola bailarako udalerriko Soreasu antzokian grabatu zuten emanaldiko aurkezleak.

Aurtengo edizioak Usurbilgo ordezkaritza izan du, Iñorkiñak taldeko kideak; Mikel Alkorta (trikitixa, ahotsa), Natali Izagirre (ahotsa), Beñat Urteaga (baxua) eta Jokin Irastorza (bateria). Taldeak sortutako "Ilargia", "Su zara" "Para-Parixen" abestiak eskaini zituzten martxoaren 18ko emanaldian. Ikuskizuna Euskal Telebistak grabatu zuen, eta asteburu honetan, iragan larunbatean eskaini zuen euskarazko kateak, "Oholtzan" saioaren baitan. Albiste honi atxikia duzue. 37. minututik aurrera entzun eta ikus ditzakezue Iñorkiñak taldeko kideak. Amaieran, parte hartzaile guztiekin batera pieza gehiago eskaini zituzten.