Datozen udal eta foru hauteskundeetan posta bidez bozkatzea eskatzeko epea ireki dute, astearte honetan, apirilaren 4an.
Udal hauteskundeen kasuan, posta bidez bozka dezakete, "Espainiako nazionalitatea duten eta Euskadiko edozein udalerritan bizi diren pertsonak, baldin eta adinez nagusiak badira eta Espainian bizi direnen hautesle-erroldan inskribatuta badaude. EZIN dute bozkatu Udal Hauteskundeetan atzerrian bizi diren eta kanpoan bizi diren espainiarren hautesle-erroldan (CERA) izena emanda dauden pertsonek".
Foru hauteskundeei dagokienean, "Espainiako nazionalitatea duten pertsonak, baldin eta adin nagusikoak badira eta dagokion hauteskunde-barrutiko edozein udalerritako Espainiako egoiliarren hauteskunde-erroldan inskribatuta badaude. EZIN dute Batzar Nagusietarako Hauteskundeetan botoa eman Euskadin bizi diren atzerritarrek, ezta atzerrian bizi direnen hautesle-erroldan (CERA) inskribatutako espainiar nazionalitatea dutenek ere".
Posta bidez bozkatu nahi nahi duenak, tramiteok egin beharko ditu:
-Apirilak 4-maiatzak 18: posta bidez bozkatzeko eskaera "INEren (Estatistikako Institutu Nazionala) webgunean edo Correosen eskuragarri dagoen inprimaki bat erabiliz. Bi kasuetan, betetako inprimakia Correoseko edozein bulegotan aurkeztu beharko da. Posta-zerbitzuko funtzionarioek nortasuna egiaztatzen duen jatorrizko agiria erakusteko eskatuko diete, eta sinadura bat datorrela egiaztatuko dute".
-Maiatzak 8-21: hala eskatu duten hautesleek posta bidez bozkatzeko dokumentazioa eta jarraibideak jasoko dituzte.
-Maiatzak 8-24: hautesleek mahaiari posta bidezko botoa bidaltzeko epea "posta ziurtatu bidez".
Aldi baterako atzerrian bizi diren egoiliarren kasuan:
-Apirilaren 4tik aurrera: aldi baterako bizilekutik gertuen dagoen Espainiako Matrikula Kontsularraren Erregistroan inskribatu behar da.
-Apirilak 4-29: posta bidez bozkatzeko eskaera "egoiliar ez den kontsulatuan, Barne Ministerioaren webgunean deskarga daitekeen inprimaki bat edo bulego edo atal kontsularretan eskuragarri dagoena erabiliz" bideratuko du. "Betetako eskabidea bulego edo atal horietan aurkeztu beharko da, eta kontsulatuko funtzionarioak, interesduna identifikatu ondoren, Matrikula Kontsularraren Erregistroan ez-egoiliar gisa inskribatuta dagoela eta sinadura bat datorrela egiaztatuko du".
-Maiatzak 2-8: botoa postaz emateko agiriak eta jarraibideak eskabidean adierazitako atzerriko helbidean jasoko ditu.
-Maiatzak 2-24: posta ziurtatu bidez bidaliko du botoa hauteskunde-mahaira.
Informazio gehiago, euskadi.eus atarian.