Hauteskunde ziklo betean murgildu gara jada. Azken orduotan kaleratu diren hainbat dekretuk, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak deitu dituzte ofizialki. Gaurtik, apirilaren 4tik, martxan dira beraz hitzordu honi begirako prestaketa lanak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusi Markel Olano Arresek astearte honetako, apirilaren 4ko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen 2/2023 Foru Dekretuaren bidez, Gipuzkoako Batzar Nagusiak berritzeko hauteskundeak deitu berri ditu. "Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeak deitzen dira: 2023ko maiatzaren 28an egingo direnak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruzko Eusko Legebiltzarraren martxoaren 27ko 1/1987 Legean ezarritako eran eta baldintzetan".
Deialdiak hauteskunde-barruti bakoitzak hautatu ahalko dituen batzarkideen kopurua zehazten du. Usurbil, "Donostialdea" izeneko barrutian kokatua dago, Gipuzkoako hiriburuarekin, Astigarragarekin, Hernanirekin, Lasarte-Oriarekin eta Urnietarekin batera. Udalerri guztiok Gipuzkoako Batzar Nagusietako hamazazpi batzarkide hautatuko dituzte. Hamaika Bidasoa-Oiartzun barrutiak, bederatzi Oria barrutiak eta hamalau Deba-Urola barrutiak. Guztira, 51 batzarkideek osatuko dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusi berrituak.
Egutegia
Hemen duzue, datozen maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako gertaera garrantzitsuenen egutegia:
-Apirilak 4: udal eta foru hauteskundeen deialdia argitaratuko dute.
-Apirilak 4-maiatzak 18: posta bidez bozkatzeko eskaera (apirilak 4-29 artean, aldi baterako atzerrian bizi direnen kasuan).
-Apirilak 7: hauteskunde-batzordeen eraketa.
-Apirilak 4-24: hautesle-elkarte bat aurkezteko hautesleen sinadura bilketa.
-Apirilak 19-24: hautagai-zerrenden aurkezpena.
-Maiatzak 1: hautagai-zerrendak aldarrikatzea.
-Maiatzak 8-21: hala eskatu duten hautesleei, posta bidez bozkatzeko dokumentazioa bidaltzea (maiatzak 2-8 artean, aldi baterako atzerrian bizi direnen kasuan).
-Maiatzak 8-24: hautesleek mahaiari posta bidezko botoa bidaltzeko epea (maiatzak 2-24 artean, aldi baterako atzerrian bizi direnen kasuan).
-Maiatzak 12-26: hauteskunde kanpaina.
-Maiatzak 28: bozketa-eguna.
-Maiatzak 31: hauteskundeetako emaitzen boto-kontaketa ofiziala.
Zubietako Herri Batzarra
Udal eta foru hauteskundeen egun berean, zubietarrek Herri Batzarraren osaera berritzeko aukera izango dute baita. Hauteskundeon deialdia martxoaren 30ean sinatu zuten Usurbilgo eta Donostiako alkateek, Agurtzane Solaberrietak eta Eneko Goiak hurrenez hurren. Aurtengoan berrikuntza nagusi bat izango du hitzordu honek; orain arte, Alamandegin kokatu izan dute bozkatzeko tokia, aurten Kaxkapera joan beharko dute zubietarrek. Gogoan izan, legealdia bitan banatzen dute Zubietan; Usurbil aldeko hautagaiak bi urte egiten ditu alkatetza karguan, eta legealdi bereko beste bi urteak Donostia aldeko hautagaiak. Hemen Zubietako Herri Batzarreko hauteskundeei buruzko xehetasun gehiago:
Eguna: maiatzak 28, igandea.
Ordutegia: 9:00-20:00.
Tokia: Zubietako Kaxkape.
Zehaztasunak: 2023-27 urte arterako Herri Batzar berria osatzeko bozketa eguna Zubietan. Bertan helbideratuak dauden Usurbilgo eta Donostiako hiruna hautagaiek osatzen dute erakunde hau.
Bozketarako mekanika: "Udal bakoitzak botu-txartel bakarra argitaratuko du. Botu-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako hiru hautagaiak izango dira batzarkide".
Egutegia:
-Maiatzak 2-10 (biak barne): Hautagaiak aurkezteko epea. Zubietan helbideratua dagoen edozein hautesle izan daiteke hautagai. Hautagaiek idatziz jakinaraziko
diote beren nahia dagokion Udalari.
-Maiatzak 9: Mahaia osatzeko zozketa egingo da.
-Maiatzak 11: Hautagaien aldarrikapena.
-Maiatzak 22: Aurrez botoa emateko aukera. Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko
08:00etatik 14:30etara.
-Maiatzak 28: Hauteskunde eguna. Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Kaxkapen.