Xabier Otxoak Kalezarren bertan egindako adierazpen horietan, segurtasun arrazoiak ere ematen ditu: “gaur egun Usurbil moduko herri batek daukan herriko sarrera-irteera onartu ezina da. Ez da batere segurua. Ez oinezkoentzako, ez bizikletentzako ezta ibilgailuentzako ere. Horregatik proposatzen dugu beste sarrera-irteera berri bat, Aritzetako zerbitzugunea eta Kalezar lotuko duena. Eta hori posible egiteko beharrezkoa den lan guztia egitera konprometitzen gara”.
Instituzioen arteko elkarlana
Hau da EAJko kideek Usubilerako duten lehentasunetako bat: “usurbildarren etxeetara helarazi berri ditugun bost konpromezuen artean” ageri dela dio hautagai jeltzaleak. “Hau gauzatzeko erakundeen arteko ezinbesteko lana beharko da, batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Usurbilgo Udalaren artekoa, eta gu prest gaude elkarlan horretarako”.
Maiatzeko udal hauteskundeei begira, EAJ-PNV alderdiak hautes-zerrenda osatzen segitzen du. "Honekin batera, Usurbilgo ekonomia zein kultura arloko eta gizarte eragileekin datorren urteetara begira herriak izango dituen erronkak kontrastatzen ari gara”, diote EAJ-PNVko ordezkariek.