Lur Errekondo, "Harri Herri" saioaren finalerako sailkatua

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 4a, 08:33

Euskal Telebista asteotan eskaintzen ari den harri-jasotze lehiaketaren finalerako sailkatu da Usurbilgoa kide duen Mollarri. 

12 emakumezko eta 16 gizonezko harri-jasotzaile lehian jarri dituen Euskal Telebistaren "Harri Herri" lehiaketako finalistak hautatu dituzte, azken bi astelehen gau hauetan eskaini dituzten finalerdien ondotik. Bart, euskarazko katean ikusgai izan zen bigarren saioan, Usurbilgo Lur Errekondo kide duen Mollarri taldea sailkatu da final handirako. "Mollarrik, 16 segundo gehiagorekin ekin dio harri baldarrari eta finalera sailkatzeko altxaldi bakarreko aldearekin garaitu du Ibiur", berri eman du ETB-k. Usurbilgoak 88 kiloko koadroa altxa du eta "8 aldiz berdindu du harria sorbalda gainean".

Saio berean, aurrerago, "Lur Errekondok eta Ainitze Zumetak izan dute harri baldarrarekin lana osatzeko ardura eta aurreko lanetan bildutako segundoak izan dira gakoa. Errekondok 8 jasoaldi egin ditu, Zumetak, ordea, 7. Hortaz, Mollarik egin du finalerako saltoa". Albiste honi atxikitako EITBren bideoan ikus dezakezue saioa osorik.

Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariek eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohiak aurkezturiko lehiaketarako launa emakumezko eta gizonezkoen harri-jasotzaile talde osatu dituzte. Bina igaro dira ordea, aldaketarik ez bada, datorren astelehenean, apirilaren 10ean gaueko 22:30etan eskainiko duten final handira:

"Harri Herri" txapelketaren finalerako lehiakideak
Emakumezkoetan
Mollarri: Lur Errekondo (88 kiloko koadroa), Maddi Gesalaga (63 kiloko zilindro zaharra), Nerea Arruti (50 kiloko bola). Kapitaina: Izeta II.a.
Ergobia: Karmele Gisasola (88 kiloko koadroa), Lierni Osa (63 kiloko zilindro zaharra) eta Garazi Arruti (50 kiloko bola). Kapitaina: Zelai II.a.

Gizonezkoetan
Albizuri: Aimar Irigoien (200 kiloko koadroa), Hodei Iruretagoiena (137,5 kiloko kubikoa), Beñat Telleria (125 kiloko kopa) eta Andoni Iruretagoiena (100 kiloko bola). Kapitaina: Luis Mari Telleria.
Etxauri: Jokin Eizmendi (200 kiloko bola), Aimar Galarraga (137,5 kiloko bola), Imanol Royo (125 kiloko bola) eta Paulo Azpiazu (100 kiloko kopa). Kapitaina: Joseba Ostolaza.