Oinherri herri hezitzaileen egitasmoan sartzea erabaki zuen Usurbilgo Udalak 2020. urte hasieran eginiko osoko bilkuran. Ordutik, egitasmoa bera 2020-22 udal diru-laguntzen plan estrategikoan onartu zenetik, urtero hitzarmen bidez lagundu du udalerri honek.
Urrats berria ematea erabaki du orain. Irabazi asmorik gabeko elkartean "bazkide laguntzaile modura bazkidetzeko gonbidapena" jaso du Udalak. Hain zuen, Oinherrik dio diru-laguntza hitzartuak "ez diola juridikoki erantzuten ibilbide honetan sortutako beharrari". Egoera horren aurrean, "Oinherri, irabazi asmorik gabeko elkarte publiko komunitarioa publikoa bilakatzea" proposatzen da eta "Udalak bazkide laguntzaile gisa atxikitzea".
Gaia iragan martxoaren 30ean egindako osoko bilkurara eraman zuen EHBilduk. Gehiengo osoz (EHBildu eta PSE alde. EAJ abstentzioa) onartu zuten herri hezitzaileak sustatzeko elkartetik jasotako proposamena. Beraz, Udala Oinherriren bazkide laguntzailea izango da aurrerantzean eta "urtero bazkide laguntzaileari dagokion ekarpena ordainduko du, Oinherrik urtero egingo duen eskabidea jaso ondoren, dagokion partidaren kargura". 2023an, 3.000 euroko ekarpena egingo du Udalak, aurreko urteetan bezalaxe.
Aldaketa honekin, parte hartzea bermatu bai baina herri hezitzaileak sustatzeko elkartearen erabakietan bozka eskubiderik ez du izango, udal gobernu taldetik iragan asteko osoko bilkuran berri eman zutenez.
Hiru urteko lankidetza
Usurbilgo udalerria Oinherriren kide denetik, 2020. urteaz geroztik, biek sinatua izan duten lankidetza hitzarmenaren baitan hainbat egitasmo bideratu direla gogorarazten du Usurbilgo Udalak:
-2020: Oinherriko kideen arteko saretze lana, egitasmoaren aurkezpen bilera, herri mailako diagnosiaren lanketa edota taldearen eragilearen osaketan laguntza, haur eta nerabeen parte hartzea, formazioa.
-2021: sare kideen artean identifikatutako beharretik abiatuta, lau ildoren lanketaren hasiera: Eskola Kirola, herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik birpentsatzea, herri bat hezkuntzatik eraikitzen jardunaldia, nerabezaroaren kultura eta parte hartzea. Horrez gain, Usurbilgo Oinherriko talde eragileari formazioa eta aholkularitza eta Usurbilgo Oinherriko lan taldearen aurkezpen ekitaldian bide laguntza.
-2022: talde eragileari bide laguntza eta aholkularitza, landutako haur filosofiaren gaiaren inguruan. Sare mailako eskola kirol foroan eta hirigintzako lan ildoan parte hartze zuzena. UEMArekin lankidetzan, udalekuetako hezitzaileei euskararen erabilera eta parte hartzearen inguruko formazioa. Oinherrik argitaraturiko hiru dibulgazio liburuxken hedapena.
Oinherri
Herri hezitzaileak sustatzea xede duen irabazi asmorik gabeko elkartea da Oinherri. 2012an sortu zutenetik, Euskal Herri hezitzaile bat lortzeko zazpi lan-ildoetan dihardute: "Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea".
Usurbilekin batera, beste 35 herri dira egun, sare honetako kideak. Informazio gehiago, herrihezitzailea.eus atarian.