Osoko bilkura

Udal lanpostu berri bat eta aldaketa soldatetan

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 4a, 09:51

Usurbilgo Udaleko langileei lotutako bi erabaki hartu zituen udalbatzak, aurreko astean egin zuten osoko bilkuran.

Aurtengo onartua zuten udal lanpostuen zerrendan eta plantilla organikoan aldaketa bana txertatzea erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu eta PSE alde. EAJ abstentzioa), iragan martxoaren 30ean egin zuten osoko bilkuran. Udalak argitu duenez, "administrazio elektroniko eta informatika sistemen teknikaria" izeneko lanpostua sortu beharra ikusi dute, udal plantilla organikoko "Administrazio Bereziko Eskalan Goi Mailako Teknikarietan".

Soldaten igoera
Udal langileei lotutako beste erabaki bat ere hartu zuen udalbatzak martxoaren 30eko osoko bilkuran. Lansariak %2,5 gehitzea hain zuzen, "2023ko urtarrilaren 1eko ondorioekin". Erabakia Estatuko Aurrekontuen Legearen baitan hartu dute. Aipatu araudiaren 19. artikuluaren arabera, sektore publikoan lanean dihardutenen soldatetan gehienez aplika zitekeen igoera da udalbatzak onarturikoa.