9.000 eskaeratik gora jaso ditu Errigorak

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 5a, 09:58

Eskertza eta zorion mezua helarazi du Errigorak, udaberriko kanpainak izan duen harreraga bikainagatik. Produktuak eskatu dituzuenontzako oharra; banaketa maiatzean eta Udarregi ikastolan egingo da.

"Mila esker eta zorionak!". Hauxe azken orduotan Errigoratik helarazi duten mezua. 9.000 eskaeratik gora jaso ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintza eta tokiko ekoizpena sustatzea helburu duen auzolanean bideraturiko ekimenak, martxoan zehar martxan izan duten "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpainaren baitan. Gogoan izan, oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eskatzeko aukera izan da, besteak beste Usurbilen, NOAUA! Kultur Elkartearen bidez, edota online bidez errigora.eus atarian.

Eskertza eta zorion mezua beraz, "#ESKUTIKeskura kanpainarekin bat egin dugun guztioi! Mila esker, bihotzez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko uztari 9.000tik gora sukaldetako atea zabaltzeagatik. Eta, era berean, zorionak, uzta jasotzearekin erein ere egingo baitugu: kontsumitzaileen partetik jasotako babes izugarria *ekoizpenaren eremuan pausu berriak emateko akuilu* izango da". 

Hazkuntza betean den egitasmoa dela azpimarratu du Errigorak. "Urtetik urtera handiagoa da Errigoraren komunitatearen dirdira. Baina ez gero eta gehiago garelako soilik, baizik eta urtetik urtera kitzikagarriagoa delako gure ekoizleen adorea, gure boluntarioen kemena eta gure kontsumitzaileen konpromisoa. Biba gu!".

Banaketa ikastolan
Adi, Errigoraren udaberri parteko kanpainaren baitan, Nafarroa hegoaldeko produktuak eskatu dituzuenok. Aurreko edizioetan NOAUA! Kultur Elkartean jaso izan ditugu eta Bordaberri 3ko egoitzara etorri behar izan duzue produktuak jasotzera eta produktuak bertan eskatu dituztenen artean, ordainketa egitera. Oraingoan, aldaketa dator. Eskaera kopuru handia tarteko, banaketa leku berria izango dugu; NOAUA! Kultur Elkartean ez, Udarregi ikastolan eskuratu ahalko dituzue Errigoraren produktuak.

Maiatzean helduko dira. Aurrez jakinaraziko dizuegun arren, kontuan izan; eskaerak egin dituzuenok, jakiak Udarregi ikastolan jaso ahalko dituzue, maiatzaren 12an (16:00-19:00 artean) eta 13an (11:00-13:00 artean), ostiral arratsaldez eta larunbat goizez hurrenez hurren.

Zigilu berria
"Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoalde eta erdialdea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz". 

Bide horretan, urrats berri bat eman du Errigorak, udaberri parteko kanpaina honetan. Errigora Balioak identifikatzailea sortu eta aurkeztu berri du Errigorak. "Euskara, elikadura burujabetza eta auzolana bultzatu nahian, gurekin bat egin duten Nafarroako Erdialdeko eta Erriberako ekoizleekin, urteetako bide bat urratzen joan gara. Orain, Errigoraren komunitatearekiko konpromisoa sakontzeko asmoz, beste urrats bat elkarrekin ematera goaz. Errigora Balioak identifikatzailea sortu dugu horretarako".

Lau balio
Lau ardatz edo balio ditu identifikatzaile berri honek. Batetik, bertakotasuna. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktua Ager zonaldeko jatorrikoa dela. Produktu bakoitzaren trazabilitatea jasota dago ekoizleak egin duen Autoebaluaziorako Adierazpen Arduratsu baten bidez".

Bigarrenik, euskara. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktua elaboratu duen ekoiztetxean euskara normalizatzeko plana garatzen ari dela. Euskararekiko konpromisoa ekoizle talde osora zabaldu da, euskara planek norberaren errealitatearen arabera erritmo eta garapen ezberdina badute ere".

Hirugarrenik, auzolana. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktuak elaboratu duen ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela. Errigoraren auzolana era ezberdinetara gauzatzen da urtean zehar: kanpainetan banatzen diren saskiak osatu, bisitak, hitzaldiak...".

Nekazariarekiko harremana da identifikatzaile berri honen laugarren Errigora Balioa. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktuaren ekoizpenean erabiltzen den osagai nagusia landu duen nekazariarekiko harremana bidezkoa izan dela. Nekazariak ez diren ekoizleek euren produktuak elaboratzeko nekazari jakinei erosten diete lehengaia. Bitartekaritzarik gabe, gertuko eta elkarlaneko logikak nagusitzen dira harreman hauetan".