Euskal Herriko Itzuliak udalerri hau zeharkatuko du asteazken honetan, apirilaren 5ean. Hirugarren etapa Oreretan hasi eta Amasa-Villabonan amaituko da. Ibilbideko 17,5. kilometrora heltzearekin batera ikusiko ditugu gure artean. 13:50 aldera Errekaldetik barrena N-634 errepidetik iritsiko dira gure artera; Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dituzte. Adi, beraz, tarte horretan errepidea itxita egongo da.
Lanak etenda
Giro eguzkitsua izango dute txirrindulariek udalerri hau zeharkatzerakoan eta errepidea libre. Baita Txikierdi eta Troia artean ere. Dakizuenez, errei bat itxita egongo da maiatza amaierara arte azken hilabeteotan bertan egiten ari diren hobekuntza lanengatik. Aldiz, aste hasieratik ikusiko zenuten moduan errei hau zabaldu dute Itzulia bertatik igaro ahal izateko.
Ez da lanengatik etapa honek eragingo duen azken orduko aldaketa bakarra izango. Antolatzaileek iragan astean jakinarazi zutenez, gaurko ibilbideko 96,4. kilometroan Anoeta aldera jo ordez Asteasurako bidea hartuko dute txirrindulariek, Alkizako igoerari ekiteko. Ondorioz, gaurko etapa aurreikusitakoa baino 8,2 kilometro luzeagoa izango da.
Itzuliko etapak
Apirilak 3: Gasteiz-Labastida.
Apirilak 4: Viana-Leitza.
Apirilak 5: Orereta-Amasa-Villabona.
Apirilak 6: Santurtzi-Santurtzi.
Apirilak 7: Amorebieta-Etxano-Amorebieta-Etxano.
Apirilak 8: Eibar-Eibar.
Informazio gehiagorako: itzulia.eus