Osoko bilkura

2,5 milioi euro gehiago udal aurrekontuetan

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 5a, 09:31

Usurbilgo Udalak onartuak dituen 2023ko aurrekontuetan 2.513.725,86 euro gehiago txertatzea erabaki dute, aurreko martxoaren 30ean egin zuten osoko bilkuran udal gobernu taldetik berri eman zutenez. Udalak zuen 3.423.000 euroko gerakin erabilgarria baliatu dute horretarako. Kreditu txertaketa honekin 900.000 euro pasatxoko gerakina du Udalak oraindik erabiltzeko moduan. Halere, askoz gehiago, 6,75 milioi euroko gerakina du guztira.

Horrekin batera, bi kreditu aldaketa ere onartu dituztela berri eman zuten iragan asteko saio berean, beste hainbeste egitasmo finantzatzeko. Batetik, Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunera bertaratzeko N-634 errepide aldetik egingo den igogailua aipatu zuten. Berez, 2022ko udal aurrekontuetatik 150.000 euro gorde ziren egitasmo hau gauzatzeko. Kreditu aldaketaren bidez, diru kopuru hau aurtengo, 2023ko aurrekontuetan txertatu du Udalak. Aurtengorako lan hauengatik Matiari beste 150.000 euro ordaintzea aurreikusia zuenez, guztira 300.000 euro bideratuko dira igogailuaren eraikuntzara. Eta hurrengo urtekoetan, hau da, 2024ko udal aurrekontuetatik beste 180.000 euro. Guztira, beraz, 480.000 euro. 

Txirikordarako
Bigarren kreditu aldaketa, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioari lotua dago, Ugartondoko Txirikordari alegia. Dakizuenez, lanak amaitzear dituzte. Azken txanpa honetan jakin da, Udalak obraren %99,6a ordaindua izan arren, enpresa eraikitzaileak azpikontratatutako enpresei ez dizkiela ordaindu egindako lanak. 

Egoera honetan dela, obraren prezioa berrikusi du Udalak. Horri lotua dago hain zuzen, egin den bigarren kreditu aldaketa. Azpikontrataturiko bi enpresari ordaintzeko bideratuko da. Honen berri hurrengo osoko bilkuran eman asmo dute.