Beñat Lizasok pilota egokituko finala jokatuko du igandean

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 5a, 07:55

Irunen jokatuko duen partida zuzenean ikusi ahalko da ETB bidez.

Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketa irabazi berritan, beste final baten atarian da Beñat Lizaso usurbildarra. Master Cup txapelketako finalerako sailkatua dago; Euskal Pilota Egokituko Master Cup txapelketarako hain zuzen. Kasu honetan, binakako lehia jokatu zuen martxoaren 19an Eibarren Lizaso Yann Meunierrekin batera. Eibarko norgehiagokan Joseba Lasa eta Gorka Alvarezekin lehiatu ziren; 4-15 irabazi zieten. Partida harekin finalerdietara sailkatu eta finalerdietan 15-6 irabazi zieten Leire Troitiñori eta German Elkorori. Finala igande honetan bertan, apirilaren 9an Irungo Uranzu frontoian 12:00etan hasita. Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du neurketa euskarazko katean baita eitb.eus bidez ere.

Usurbildarrak Yann Meunierrekin batera jokatuko du. Manu Quesada eta Maixi Cabanne izango dituzte aurkari. Haienaz gain, bigarren neurketa bat ere jokatuko da, bikoteon artean: Gomez-Huegun eta Lertxundi-Sagarmendi lehiakideen artean hain zuzen.

Gipuzkoako txapelduna
Euskal Pilota Egokituko 13. Gipuzkoako Txapelketan, gurpildun aulkiko palako kategorian Beñat Lizaso nagusitu zen martxoaren 18an Urretxun jokatu zuen finalean. Bere aurkari Asier Navaridasek txapeldunorde amaitu zuen. 15-10 izan zen azken emaitza.