Ostegun goizaldean abiatuko dira Arantzazurantz oinez

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 5a, 07:05

Hamarkada luzeetako usadio zaharra berrituko dute ostegun goizalde honetan. Usurbildik Arantzazurantz oinez abiatuko da mendizale talde bat.

Eguna argitzerako oinez abiatuko dira Usurbildik Arantzazurantz, ostegun goizalde honetarako txangoan izena eman dutenek. Apirilaren 6rako antolatu dute hain zuzen, 63 kilometro luze eta 2.700 metroko desnibela duen irteera, duela hainbat hamarkadetatik egin izan duten moduan. Hitzorduan parte hartu nahi zuten mendizaleentzat aste hasieran itxi zuten izen-ematea.

Geldialdiekin
Aipatu moduan, apirilaren 6an, goizaldeko 4:45 aldera bilduko dira frontoi atzean, 5:00etarako prestatu eta ibilaldiari ekiteko. Tarte horretan, egunaren amaieran Arantzazutik itzultzeko autobusean aldatzeko arropa utzi ahalko da. Ibilbidean zehar, zenbait geldialdi egingo dituzte; hala nola, Mandubian hamaiketakoa, Zumarraga parean arropa aldatzeko aukera, Legazpian bazkaltzeko geratzen dira eta Arantzazura helduta askari baten bueltan borobiltzen dute eguna. Ibilbide luzeko ohitura honek usurbildarrak soilik ez, besteak beste, Tolosaldeako hainbat kide elkartu izan ditu.