Arantzazuraino oinez joateko ohitura berritu dute

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 11a, 08:09

Ia 20 lagunek egin zuten apirilaren 6an Usurbildik Arantzazurainoko bidea oinez.

Hamarkada luzeetako usadioa berritu dute. Haiek helarazitako ondoko irudiotan duzue Usurbildik Arantzazurako bidea oinez osatu duen herritar taldea. Belaunaldi ezberdinetako herrikideak bildu zituen hitzorduak, ia 20 lagun. Tradizioak agindu moduan, "Ostegun Santu" egunez, apirilaren 6an, goizean goiz abiatu ziren tipi-tapa Mikel Laboa plazatik. Beharrezkoa zutena bueltarako autobusean utzi eta ekin zioten 63 kilometroko ibilbideari. Udaberri beteko giroa izan zuten bidelagun.

Hainbat geldialdi egin ohi dituzte Arantzazura heldu aurretik, hamaiketako edo bazkari legea egiteko. Helmuga, aipatu moduan, askaritarako orduan, Arantzazun zuten finkatua, gero handik autobusez Usurbila itzultzeko.

Duela lau hamarkada inguru "3 lagun hasi ziren ibilbide hau egiten” antolatzaileen esanetan. Gero, pixkanaka jende gehiago batu zen. Usurbildarrak, eta baita inguruko herrietako mendizale gehiago ere; Donostia, Amasa, Zizurkil edota Tolosa aldekoak. “Berrogeitik gora lagun joatera heldu ginen”, diote. Bidean beraz, jende berria ezagutzeko aukera izan dute.