Beñat Lizaso, Euskal Pilota Egokituko txapeldunordea

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 11a, 08:29

Iragan igandean jokatu zuen usurbildarrak Euskal Pilota Egokituko txapelketako final handia Irunen.

Gipuzkoako txapeldun eta Euskal Pilota Egokituko txapeldunordea dugu Beñat Lizaso usurbildarra. Iragan igandean, apirilaren 9an, Irungo Uranzu frontoian Yann Meunierrekin batera jokatutako finala ezin parekatuagoa izan zen. Hogeitalau punturekin berdinduta ziren Manu Quesada eta Maixi Cabanne aurkarien antzera. Azken hauek nagusitu ziren azkenean. 25-24, beraz, azken emaitza. Egun horretan jokatutako beste partida, adimen urritasunari lotutako neurketan Lertxundi-Sagarmendi bikotea nagusitu zen 25-11, Gomez eta Huegunen aurrean.

Gogoan izan, binakako lehia jokatu zuen martxoaren 19an Eibarren Lizaso Yann Meunierrekin batera. Eibarko norgehiagokan Joseba Lasa eta Gorka Alvarezekin lehiatu ziren; 4-15 irabazi zieten. Partida harekin finalerdietara sailkatu eta finalerdietan 15-6 irabazi zieten Leire Troitiñori eta German Elkorori. Egun hartan sailkatu zen Beñat Lizaso pasa den igandeko finalerako.

Handi Tour
Bezperan, hilaren 8an, Paun Handi Tour txapelketako finalak jokatu ziren. Pagazpe txapeldunorde izan zen Ezker Paretako modalitatean, hirugarren postuan sailkatu zen trinketean. Beñatek berak eta Leire Troitiñok ordezkatu zuten Pagazpe elkartea.

Gipuzkoako txapelduna
Euskal Pilota Egokituko 13. Gipuzkoako Txapelketan, gurpildun aulkiko palako kategorian Beñat Lizaso nagusitu zen martxoaren 18an Urretxun jokatu zuen finalean. Bere aurkari Asier Navaridasek txapeldunorde amaitu zuen. 15-10 izan zen azken emaitza.